Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak irakasleekin batera.

Ikasleak irakasleekin batera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko hogei ikaslek online marketinerako planak prestatu dituzte Nafarroako hiru upeltegitarako eta Nafarroako Ardoaren Jatorrizko Izendapenaren Kontseilu Arauemailerako. Proiektuak garatu dira hautaketa libreko irakasgai baten barruan, “Sortu zure enpresa interneten” izenekoan. NUPek ikasturte honetan eskaini du lehenbiziko aldiz, eta Enpresa Berritzaileak Sortzeko Unibertsitate Laborategia (LUCE) erakundeak bultzatu du, ikasleen artean espiritu ekintzailea eta negozioetarako ideiak sortzea sustatzeko. LUCE ekimen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea, Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroa (CEIN) eta Nafarroako Enpresaburu Gazteen Elkartea izeneko erakundeen lankidetzatik sortu da, eta Unibertsitatean enpresa berritzaileak sortzera bideratutako jarduerak eta zerbitzuak bereganatzen ditu.

Lanak egin zituzten taldeak upeltegietakoekin eta Kontseilu Arauemailearekin bildu ziren, haien beharrak eta interneten bidez merkaturatzeko dituzten estrategiak ezagutzeko. Príncipe de Viana, Nekeas eta Azul y Garanza dira ekimen honetan parte hartu duten upeltegiak. Geroago, ikasleek estrategia horiek Google Online Marketing Challenge lehiaketan aplikatu dituzte. Sariketa horretan lehiaren helburua da enpresen webguneen lekua hobetzea, Google Adwords tresnaren bidez. Googlek publizitatea kudeatzeko duen sistema hori erabiliz, ikasleek hitz-gakoen aukerak erabili behar izan dituzte, upeltegi horien webguneetarako sarrera kopurua handitzeko.

Kanpaina hau hiru astez egin da, eta lortutako emaitzak biltzen dituzten txostenak igorri dira, alde batetik Googlera, eta beste batetik upeltegi bakoitzari eta Kontseilu Arauemaileari eman zaizkie. Txosten horietan ikasleek azaltzen zieten enpresei zein izan diren hobekien funtzionatu duten estrategiek eta zein diren etorkizunean egin daitezkeen marketin kanpainak. Publizitatea kudeatzeko sistema honi aplikatutako estrategien ondorioz, enpresek bisita kopuru handiagoa lortu dute haien webgune ofizialetan. Datorren uztailera arte taldeek ez dute jakingo zer balioespen egin duen Googlek haien lanei buruz.

Gaitasun ekintzaileak bultzatu

Matematika eta Informatika Ingeniaritza Sailak ematen duen irakasgai honen helburua da unibertsitateko ikasleen gaitasun ekintzaileak sustatzea. Horretarako informazioa eskaintzen zaie, berrikuntza prozesu baterako beharrezkoak diren sormen-teknikei buruz eta komunikazioarekin, lidergoarekin eta kudeaketarekin lotutako gaitasun ekintzaileak sustatzeko moduari buruz. Halaber, aukera izan dute unibertsitateko jendeak sortutako enpresen benetako proiektuak ezagutzeko, eta CEIN erakundearen IKT Mintegia bisitatu dute.Irakasgaia Oscar Ardaiz eta Alfredo Chourraut NUPeko irakasleek eta Mariano Errok, CEIN erakundeko I+DE Emprendedores/as Universitarios/as delakoaren arduradunak eman dute.

Irakasgai honetan parte hartzen ari diren ikasleen profila oso heterogeneoa da. Batzuk Ekonomia, Informatika Ingeniaritza eta gisako titulazioetatik etorri dira, beste batzuk, berriz, Erasmus programaren truketik. Egoera horrek taldeen lana aberastu du, profil horiek osagarriak direlako.

Irakasgaiaren azken zatian interneterako enpresa proiektu bat prestatu da, gutxienez ere ondoko osagai hauek dituena: talde ekintzaile bat, negoziorako ideia bat eta marketin plan bat. Aurkeztu diren bi ideiak izan dira interneten bidez liburuen edizio pertsonalerako enpresa bat, eta beste enpresa bat, sarearen bidez maskotak alogeran hartzeko.