Salgai bat uneoro monitorizatua edukitzea, irteeratik helmugara iritsi arte, era seguruan eta denbora errealean. Horixe lortu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile talde batek eta TB-Solutions nafar enpresak, komunikazio-plataforma seguruen garapenean espezializatua dagoenak. Horien lana Transporte Inteligente de Mercancías Intermodal (TIMI) izeneko proiektuan sartzen da. Orain produktua merkataritzari begira garatzeko ari dira lanean.
TIMI proiektuaren helburua da teknologia berriak garatzea, etorkizunean garraio intermodala (lurrekoa, itsasokoa, trenbidea eta airekoa) modu adimentsuagoan burutuko duten gailu, sistema eta tresnak sortu ahal izateko. Horretarako, CENIT proiektu baten babesean, 2007an hamabi enpresen partzuergo bat sortu zen, eta horiek, unibertsitate eta erakunde publikoen lankidetzarekin, proiektuaren hainbat alderditan lan egin dute. Nafarroako TB-Solutions enpresak NUPera jo zuen bertako ikertzaileek behar zen sftwarea sor zezaten, eta lankidetza horren emaitzak iritsi dira.
Unibertsitatearen aldetik José Javier Astrain, Jesús Villadangos, Aritz Labat, Alberto Córdoba, Marcos Goyeneche eta Carlos Aristu izan dira proiektuaren arduradunak.


Ezkerretik eskuinera Jesús Villadangos, Aritz Labat, Alberto Córdoba, Carlos Arisatu eta José Javier Astrain ikertzaileak
Behar zen softwarea lortu dute eta hura sentsoreetan instalatu dute, alegia, edukiontzi bakoitzean informazioa hari gabeko eran transmititzeko ezartzen diren gailuetan. José Javier Astrainek azaltzen duenez “gailu honen bidez badakigu zein salgai garraiatzen den halako kamioi batean, nolako balditzetan –tenperatura, argia-, eta abar. Aduana batera iristen bada, zer ordutan iritsi den, nork egin duen ikuskapena, ontzat emana izan den edo ez; badakigu salgai arriskutsua den, eta ibilbide baimenduan zehar dabilen edo ez, eta abar. Eta edukiontzia portura iristen denean lortzen duguna da tramite guztia egin gabe zuzenean ontziratu ahal izatea.”
Aurkitu duten zailtasun handienetako bat izan da informazioa enkriptatzea: “sei edukiontzi badaude, nik informazioa nire konpainiako edukiontziekin bakarrik partekatu nahi dut; informazio horrek ez du ibili behar enkriptatu gabe edo segurtasuneko gailurik gabe”. Hori da TB-Solutions enpresak garatu duen alderdia, transmititzen eta trukatzen den informazioa osorik gordetzen dela bermatzeko. “Tresna-ziurtatze mota hau garatu duten lehenbizikoak gara –dio Maite Hurtadok, TB-Solutionseko kudeatzaileak-. Guk dakigula, Europan ez dago honen antzekorik”.
Hornidura katea optimizatzea
Hurtadok azpimarratzen duenez, sistema honen bidez, giza, finantza eta logistika baliabideak optimizatu ahal dira, hornidura katea izugarri optimizatzen delako. Adibidez, elikagaien garraioan garrantzitsua da inolako manipulaziorik ez egotea, eta karga adostutako baldintzetan iristea.
Eta José Javier Astrainek gehitzen duenaren arabera «gerta daiteke, adibidez, fruta daramaten hiru kamioi operatzaileari edozein gorabehera jakinaraztea: karga bat egoera txarrean dagoela, uste baino lehenago iritsi behar dutela, eta abar. Informazio hori denbora errealean edukitzeak aukera ematen dio konpainiari aldez aurretik erabakiak hartzeko, esate baterako, fruta galkorragoa duen edukiontzia helmuga hurbilago batera desbideratzea”.
Sentsoreek elkarren arteko komunikazioa egiten dute eta, halaber, datuak aplikazio zentral bati transmititzen dizkiote, eta garraioaren ibilbide osoan zehar gertatutako gorabeherak erregistratzen dituzte. Estaldurarik gabeko eremuetan ere, tunel batean edo Mantxako kanalean, adibidez, informazioa erregistratu egiten da, eta estaldura duen eremura ateratzean zentralari transmititzen zaio.
Dagoeneko, gailuekin proba arrakastasu bat egin da Valentziako portuan, benetako edukiontzietan. Orain proiektua PORTEL enpresari aurkeztuko zaio, eta balio erantsiko zerbitzuak eskainiko zaizkio berak duen arlorako.