Nafarroako Unibertsitate Publikoak bihar, asteartean, aurkeztuko ditu Instituto Valenciano de Investigaciones Económicas (IVIE) delakoak egindako azterlanaren emaitzak. Azterlan horretan NUPek Nafarroako Foru Erkidegoari ematen dion ekarpen sozioekonomikoa neurtzen da. Ekitaldia 19:00etan izango da, Sario eraikineko Fernado Remacha aretoan, eta aurreikusita dago Nafarrroako erakunde nagusien eta eragile sozial eta ekonomikoen ordezkariak agertzea.
Hasiera Julio Lafuente López errektorearen esku egongo da, eta ondotik parte hartuko du Jose Manuel Pastorrek, IVIEko eta Valentziako Unibertsitateko ordezkaria eta azterlaneko zuzendarikidea denak, erabilitako metodologia azaltzeko eta lanetik ateratako emaitza nagusiak aurkezteko. Aurkezpenarekin jarraitzeko parte hartuko dute Jesús Irurre Arigita Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluko buruak, eta Marius Rubiralta i Alcañiz Hezkuntza Ministerioko Unibertsitateetako idazkari nagusiak. Alberto Catalán Higueras Hezkuntza kontseilariaren hitzekin amaituko da ekitaldia.
NUPek IVIE erakundeari, prozedura negoziatuaren bidez, esleitu zion azterlan honen helburua da erantzun objektiboak ematea Unibertsitateak Nafarroako ekonomiari eta hiritarrei emandako ekarpen sozialari buruzko galderei. Erakunde publikoa den heinean, Unibertsitateak garrantzitsutzat jotzen du prestakuntza eta ikerketa lanetan duen eraginkortasun maila ezagutzea, haien gizarte-errentagarritasuna ebaluatzea eta, bereziki, Nafarroako Foru Erkidegoaren garapenean eta ongizatean duen eragina neurtzea.
Azterlanaren datu batzuk lehenagotik eman zituen Julio Lafuente errektoreak, joan den apirilaren 23an, Unibertsitatearen Eguna ospatu zenean, unibertsitateko komunitateari egin zion hitzaldian. Hain zuzen ere, bi zenbaki esanguratsu aurreratu zituen: Unibertsitateak gizarteari 1,7 euro itzultzen dio bere finatzabidean inbertitutako euro bakoitzeko, eta azken hamarkadan Nafarroak izan duen batez besteko hazkunde osoaren % 16,3 Nafarroako Unibertsitate Publikoari esker izan dela esaten ahal da.