Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak gaur, ostiralean, maiatzaren 14an, 2010-11 ikasturtean guztira eskainiko duen ikaspostu kopurua ezartzen duen erabakia onetsi du, izan ere, 1.995 ikaspostu. Horietatik, 1.780 heldu den ikasturtetik aurrera ematen hasiko diren gradu berrietako lehen ikasmailakoak dira eta, gainerako 215ak Europako Unibertsitate Eremura egokitu ez diren eta iraungitze prozesuan dauden titulazioetako bigarren zikloko ikaspostuak dira. Erabaki hau Nafarroako Gobernuari aurkeztuko zaio orain, behin betikoz onets dezan.
Erabaki honen barnean sartzen dira gradu ikasketetarako sarrera berriko ikaspostuak, iraungitzeko prozesuan dauden bigarren zikloko titulazioetako sarrera berriko ikaspostuak eta unibertsitate ikasketa ofizialak hasita dauzkaten eta unibertsitatea edo ikasketak aldatu nahi dituzten ikasleen ikaspostuak.
Ikastegiz ikastegi ikusita, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa da sarrera berriko ikaspostu gehien dituena, 560 baititu. Jarraian daude Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea 430 ikasposturekin, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea 390ekin, Zientzia Juridikoen Fakultatea eta Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskola, bakoitza 150ekin, eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa 100 ikasposturekin. Gradu berri guztiak Arrosadiko campusean emango dira, Tuterako campusean eskaintzen diren biak izan ezik, alegia, Fisioterapia Gradua, 50 ikaspostu izango dituena, eta Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritza Gradua, halaber 50 ikaspostu izango dituena.
Erabaki honetan bertan, NUPeko Gobernu Kontseiluak ikaspostu-erreserba kupoak onetsi ditu 2010-2011 ikasturterako. Zehazki, ikaspostuen % 3 erreserbatuko dira 25 urtetik gorakoentzat, 45 urtetik gorakoentzat, lan-esperientzia eta esperientzia profesionala egiaztatzen duten 40 urtetik gorakoentzat, goi mailako eta errendimendu handiko kirolarientzat, titulazio guztietan Fisioterapian izan ezik, eta unibertsitateko titulazioa edo horren baliokidea duten ikasleentzat. Fisioterapia Graduan sartzeko, ehuneko hori % 5era igoko da ezgaitasuna duten pertsonen eta goi mailako eta errendimendu handiko kirolarien kasuan.
Bestalde, 2009-10 ikasturtean eskainitako ikaspostuen % 5 erreserbatuko da iraungitzen ari diren lehen eta bigarren zikloko ikasketetara espedientea lekualdatzearen bidezko sarbiderako, eta unibertsitate ikasketa ofizialak hasita dauzkaten eta unibertsitatea edo ikasketak aldatu nahi dituzten ikasleak gradu berrietara sartzeko.