Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluaren osoko Bilkurak bukatu egin du erakundearen irakaskuntza-eskaintza Europako Unibertsitate Eremura egokitzeko prozesua eta gaur, ostegunean, maiatzaren 13an egin duen saioan, onetsi du doktoretza programa, master ofizial eta gradu berrien azken multzoa.

Erabaki honekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoak itxi egin du bere ikasketa ofizial guztiak Europako Unibertsitate Eremura egokitzeko barne prozesua. Prozesu hori hasi zen Unibertsitateen Kontseiluak titulu guztiak egiaztatu zituenean, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (Anecak) balioetsi eta gero. NUPek eskaintza berria datorren ikasturtetik aurrera eman ahal izateko gelditzen den azken urratsa da Nafarroako Gobernuak hartu behar duen erabakia, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoak berari ematen baitio azken hitza izaera ofizialeko unibertsitate tituluak erdiesteko diren ikasketak ezartzerakoan.

Organo honek eman duen aldeko txostenak NUPek eman behar dituen 16 graduetatik 14 ukitzen ditu, Haur Hezkuntzako Irakaslearen eta Lehen Hezkuntzako Irakaslearen titulazioak joan den urtean ontzat eman eta 2009-10 ikasturtean hasi baitziren ematen. Master ofizialei dagokienez, Unibertsitateak dagoeneko 23 titulazio eskaintzen ditu; horietako 11 gaur onetsi dira eta gainerako 12ek aldeko txostena zuten jadanik. Azkenik, Gobernu Kontseiluak ontzat eman ditu 23 doktoretza programa.

Garrantzi handiko hobekuntzak

Gaur onetsitako beste txosten batean, Gizarte Kontseiluak egokitzat jo du balorazio orokor bat egitea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren irakaskuntza ofizialaren erreformari buruz. “Bolognako Prozesu delakoan konprometitu diren herrietako unibertsitate guztiak deituta izan dira hainbat errekerimendu komunetara egokitzeko – dio txostenak-, eta errekerimendu hauen bidez ondoko helburu hauek ziurtatu nahi dira: Europako Unibertsitateak konparatu ahal izatea; ikasleen, irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen mugikortasuna erraztea; ikasleen ikaste pertsonalari protagonismoa ematen dioten hezkuntza metodologiak sustatzea; eta Europako goi mailako hezkuntza erakundeen eta unibertsitate titulazioen kalitatea bermatzea”.

Gizarte Kontseiluaren ustez, “aldaketa hauek sakontasun desberdinarekin egin izan dira, eta zentzu horretan, azpimarratzekoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoak erreforma hori aprobetxatu duela garrantzi handiko egitura-hobekuntzak egiteko haren hezkuntza jardueran, eta aldi berean haren hezkuntza lana gehiago egokitzeko gizarte inguruneko beharretara, eta hori guztia kontutan izanda Espainian erreforma honen arautze berantiarrak eragin dituen mugak”.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa duela urte batzuk bere irakaskuntza eskaintza Europako Unibertsitate Eremura egokitzeko prozesuan sartuta dago, Europako ia 50 herrialdetako gaur egungo unibertsitate egiturak bateratzeko, ikasleen eta tituludunen zirkulazio askea errazteko xedez, titulazio eta herrialde ezberdinetako ikasketen artean aitorpen mekanismoak erraztuko baitira. Sartuko diren aldaketen artean daude titulazioen beraien izendapena (gradu, master eta doktoretza), gradu titulazioak lau urtetan antolatzea (zortzi lauhilekotan), gaitasunen araberako ikasketak, etengabeko ebaluazioa, hizkuntzen ikasketa edo kanpoko praktikak egitea, hainbat kasutan nahitaezkoak izango direnak.