Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak ontziaren ondoan, Maria Teresa Graciarekin (erdian) eta Tomas Ballesterosekin, ezkerretik lehena

Ikasleak ontziaren ondoan, Maria Teresa Graciarekin (erdian) eta Tomas Ballesterosekin, ezkerretik lehena

Nafarroako Unibertsitate Publikoko bost ikaslek, zeinek Tuterako Campusean ikasten baitute, edukiontzi bat diseinatu dute. Edukiontzi horri esker, Espainiako Gurutze Gorriak larrialdietarako materiala hobeki banatu ahalko du hondamendi bat gertatu den munduko edozein lekutan. GKE honek eskatuta egin da proiektua Diseinua eta Produktua I: Ergonomia eta Ontziak irakasgaiaren barnean. Tomás Ballesteros irakasleak ematen du irakasgai hori titulazio honetako bigarren ikasmailan: Industria Ingeniaritza Teknikoa, Mekanika berezitasuna, sakontze-lerroa Industria Diseinuan. Proiektuari esker edukiontzien kostua gutxiagotu da, haien tamaina estandarizatu da, eta berriz erabil daitezkeen material batzuekin egin. Ikasle hauek parte hartu dute ekimen honetan: Javier Vidorreta Salillas (taldearen burua), Alicia Eraso Blázquiz, Víctor Catalán Galindo, Javier Alba Lostado y Eduardo Redrado Arce.

Edukiontzi honen ezaugarriak gaur eman dituzte ezagutzera, Tuteran egindako prentsaurrekoan, José Ramón Alfaro NUPen Tuterako Campusaren errektoreordeak, María Teresa Gracia Nafarroako Gurutze Gorriaren lehendakariordeak eta Tomás Ballesteros Adierazpen Grafikoaren Arloko irakasleak. Gero, proiektua egin duten ikasleek lantegietan aurkeztu dute diseinatu duten edukiontzia.

Ekimena Tomás Ballesterosi bururatu zitzaion, zeina Gurutze Gorriko boluntarioa baita eta Larrialdiei Erantzuteko Unitateko kidea. Unitate honek ura eta saneamendua ematen dizkie lekualdatuen edo iheslarien esparruei. Gobernuz kanpoko erakundeen arazo nagusienetakoa da materiala garraiatzea hondamendia gertatu den lekura, hornitzaile bakoitzak bilgarri-kaxa mota ezberdinak erabiltzen baititu. Materiala bildu, gorde eta garraiatzeko arazoak sortzen ditu horrek, bai portu eta aireportuetan eta bai herrialdearen barnealdean. Horretaz gainera, kontuan izan behar da unitate hauek oso arin zabaltzen direla, 72 orduko epean gehienez ere.

Oroitidazki teknikoa eta planoak

Ikasleek bere gain hartu zuten edukiontzi berri bat diseinatzeko erronka, eta Diseinua eta Produktua I: Ergonomia eta Ontziak irakasgaiaren bornean ebatzi beharreko ingeniaritzako problema bat balitz bezala egin zuten. Horretarako, logistikako langileen eta Gurutze Gorriaren Larrialdiei Erantzuteko Unitatearen laguntza izan dute. Lehenik, erabaki zen edukiontzi hauek tamaina estandarra izango zutela eta europar paletaren neurriak izango zituztela. Gainera, orga jasotzaileen bidez kargatu daitezke.

Edukiontzia osatzen duen materiala tratatutako zur iragazgaitza da, eta berriz erabil daiteke lekuan bertan beste biltegiratze lan batzuetarako, hala nola armairuak. Ikasleek beste gai batzuk landu dituzte, hala nola edukiontziaren barne banaketa, espazioaren optimizazioa edo pisua. Edukiontzi merkeagoa da emaitza, neurri estandarrekoa, garraiatzeko errazagoa eta lekuan bertan berriz erabil daitekeena.

Ikasleek maketa egin dute, eta, horretaz gainera, dossier bat egin dute orotidazki teknikoa, aurrekontua, planoak eta baldintzen orria dituena. Hala, Gurutze Gorriak behar beste informazio tekniko izango du kaxa hauek egitea eskatzeko.