Joan eduki nagusira

zoom Heller Guillermo Sánchez Acevedo, Ingeniaritza Aplikatu eta Konputazionaleko doktore Nafarroako Unibertsitate Publikoan

Heller Guillermo Sánchez Acevedo, Ingeniaritza Aplikatu eta Konputazionaleko doktore Nafarroako Unibertsitate Publikoan

Heller Guillermo Sánchez Acevedok bere doktoretza tesian aplikazio informatiko bat garatu du errotore malguen portaera dinamikoa simulatzeko. Errotore malguen berezitasuna da beren biraketa-abiadura sistemaren maiztasun natural baten edo gehiagoren gainetik dagoela, eta baldintza horregatik errotoreak deformazio handiak jasan behar ditu. Ikerketa lan hori, Bikain cum laude kalifikazioa lortu duena, Jesús María Pintor Borobiak, NUPeko Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritza Sailekoak, zuzendu du.

Heller Guillermo Sánchezen tesiaren helburu nagusia izan da, hain zuzen, eredu analitiko bat aurkeztea, ordenagailu-programa baten bidez errotore malguen portaera dinamikoa simulatu ahal izateko. Errotore malguen analisi dinamikoa ikerketa arlo bat da, makina birakarien portaeraren gaineko ezagutzan sakontzen duena.

Garatu den eredu horretan kontuan hartu dira errotorearen bihurdurarekiko malgutasuna, egitura estatikoaren malgutasuna eta indarra-desplazamendua erlazio ez-lineala duten euskarriak erabiltzeko aukera. Gainera, ereduaren bidez bibrazio maiztasun naturalak eta moteltzeak kalkulatu ahal dira, eta konponbidea ematen du sistemaren egoera geldikorretarako eta iragankorretarako.

Garatu den eredu matematikoaren erabilera praktikorako, ordenagailu-programa bat prestatu da, RotoDin izenekoa. Programaren bidez, erabiltzaileak, interfaze atsegin bat erabiliz, ereduak eskaintzen dituen analisiak egin ahal ditu. RotoDin programak formatu erraz batean aurkezten ditu emaitzak, errazagoa izan dadin haien interpretazioa.

Heller Guillermok Ingeniaritza Mekanikoa ikasi zuen Francisco de Paula Santander Unibertsitatean (Cúcuta, Kolonbia). Unibertsitateko irakaskuntzako espezialista da Santo Tomás Unibertsitatean (Bogotá), eta gaur egun irakasle dago Santanderreko Universidad Industrial izenekoan (Bucaramenga, Kolonbia).