Nafarroako Unibertsitate Publikoko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasle Graduetako lehen ikasmailako 300dik gora ikaslek Eztabaida Liga batean parte hartuko dute hurrengo astetik aurrera, eta botere publikoek irakaskuntza publikoa edo pribatua sendotu behar duten eztabaidatuko dute. Titulazio honen lehen ikasmailan ematen den Hezkuntza Erakundeak irakasgaiaren barnean sartzen da ekimen hau, eta bere helburua da ikasleek sare publikoaren eta pribatuaren oinarri teorikoa ezagutzea, gaiari buruzko informazio osagarria aurkitzea eta sare horiek egoteko arrazoi nagusiak azaltzen eta defendatzen jakitea. Hala, ikasleek trebetasun eta gaitasun batzuk eskuratuko dituzte, Europako Unibertsitate Eremuaren arabera titulua lortzeko nahitaezkoak direnak.
Lehiaketan, sailkapen fase bat egingo da, eta ondoren finalaurrekoa eta finala, zeina maiatzaren 18an egingo baita Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkuren Aretoan. Hain zuzen, NUPek hitzarmen bat sinatu zuen erakunde honekin, ikasleen artean eztabaida sustatzeko helburuarekin.
“Zer egin behar dute botere publikoek XXI. mende hasieran: eskola publikoa sendotzea edo eskola pribatua sendotzea?”. Auzi horri erantzun beharko diote NUPeko bi Irakasle Graduetako ikasleek maiatzaren 12an, asteazkenean, gaztelaniazko eta euskarazko modalitateetan sailkapen faseko norgehiagokekin hasiko den lehiaketa baten bidez.
Torneoaren dinamika eta Unibertsitateko Eztabaida Ligarena oso antzekoak dira. Gutxienez lau kide eta gehienez ere bost kide izango ditu talde bakoitzak. Kide horietako bat kapitaina izango da, bi hizlari gisa arituko dira eta gainontzekoak ikertzaile arituko dira. Eztabaidetan, aurrez aurre dauden taldeek aurkako jarrerak defendatuko dituzte, eta aurrez aurrekoa hasi baino minutu batzuk lehenago zozketa egingo da nork zer defendatuko duen erabakitzeko. Parte hartzeari dagokionez, eztabaidaren antolakuntzak hiru minutuko bi txanda aurreikusi ditu parte-hartzeko, eta beste bi minutu ondorioak azaltzeko. Horretaz gainera, talde bakoitza talde aurkariaren hizlariari zuzendu ahalko zaio honek azalpena egiten duenean, oharrak, galderak eta iruzkinak egiteko.
Epaimahaiaren balioespena
Epaimahaiak bere erabakian balioetsiko ditu, besteak beste, argudioen aniztasuna, hizlariaren kanpo baliabideak, naturaltasuna eta adierazgarritasuna, hizkera anitza eta egokia, txandak egoki erabiltzea edo taldearen jokaera eztabaidan. Epaimahaikideetako bat epaile nagusia izango da, eta talde bakoitzak hari jakinarazi beharko dio bere kideek zein eginkizun izango duten eztabaida bakoitzean. Bidegabeki jokatzen duten ikasleak ohartarazi edo kanporatzeko ahalmena izango du.