Nafarroako Unibertsitate Publikoko Manuel López-Amo, Carlos Fernández-Valdivielso, Francisco Falcone eta Juan Antonio Nazabal ikertzaileek, AH Arquitectos S.L. arkitektura estudioko I+G+B saileko Gustavo Vargas eta Rufino Hernándezekin batera, Domotikako KNX lehiaketan Arkitektura Jasangarriaren eremuko lan hoberenaren saria irabazi dute. KNX instalazio batean zuntz optikoko sentsoreak sartzeko eta haien urrutiko monitorizazioa egiteko proiektua aplikatu da Trabajos Catastrales S.A., Gamesa Innovation Technoloy eta Opnatelen Iruñeko egoitza nagusiko eraikinean.
KNX (Konnex) sistema edo teknologia nazioarteko estandar bat da, osagai guztiak hizkuntza komun baten bidez komunikatzeko bidea ematen duena, edozein izanik ere fabrikantea eta aplikazio eremuak. Saria joan den apirilaren 28an eman zen jakitera Madrilen, KNX International Forumean, eta KNX Awards Spaineko bost kategorietako hiru sari eman ziren bertan.
Saritutako lanean azaltzen da nola integratzen diren zuntz optikoko sentsore berritzaileak instalazio batean, telekomunikazio dorre baten itxituraren monitorizazioa denbora errealean eta urrutitik egiteko. Sentsoreek dorrea osatzen duten beirazko panelen tenperatura neurtzen dute, bai barnealdean bai kanpoaldean. Panelek baldintza klimatikoengatik (hotza, ura, etab.) jasaten duten deformazioa ere neurtzen da. Dorrearen itxitura sandwich albeolar motako egitura duten beste panel batzuekin egiten da. Sistemak ahalbidetzen du sentsoreen datuetara denbora errealean iristea, eta datu basean gordetako datuetara iristea.
“Proiektu hau garatzeak bidea eman du KNX sarea duen zuntz optikoko sentsoreen sare bat estreinakoz integratzeko egiazko eraikin batean, laborategi batetik kanpo” diote lanaren egileek. Instalatutako sentsoreen sare berritzaileak denbora errealean monitorizatzea eta kanpoko eragileek (tenperatura aldaketak, haize-kargak, bibrazioak, etab.) sor ditzaketen asaldura larriak aurreikustea du helburu, eta ikertzaileek, horrela, sistema berri hauen portaera ezagutzea espero dute.
“Emaitzak oso asebetegarriak izan dira, zeren lortutako integrazio maila ahalik eta handiena izan baita, eta lortu baitugu denbora errealean monitorizatzea KNX bi sareak, aldi berean eta horretarako diseinatutako software tresnaren bidez. Gainera, garatutako plataformak bidea ematen du Interneten bidez urrutiko monitorizazioa egiteko” adierazi dute.