Joan eduki nagusira

zoom Errektoreordeak bileran.

Errektoreordeak bileran.

Gaur ostiralean, apirilaren 30ean, G-9 Taldeko unibertsitateetako Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeak bildu dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan. G9 Taldea diru-irabazi asmorik gabeko elkartea da, 1997an sortua, eta bere kideak unibertsitate publiko bakarrak dira dagozkien autonomia erkidegoetan. Bilera Jaime Brunet aretoan izan da, 9:30ean, eta buru aritu da Montserrat Casas, G-9 Taldeko Nazioarteko Harremanetarako Sektorialeko burua eta Balear Uharteetako Unibertsitateko errektorea. Bilera hasi aurretik, Julio Lafuente Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, agur egin die etorritakoei.

Bilera horretan NUPeko ordezkaritzan buru aritu da Javier Casalí Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordea. Harekin batera agertu dira bilerara Beatriz Soret, Nazioarteko Harremanetarako Arloko zuzendaria eta Josune Urzainki Nazioarteko harremanetarako Ataleko burua.

Julio Lafuente NUPeko errektoreak ardura hartu zuen Unibertsitateen G-9 Taldeko lehendakaritzan aritzeko 2010eko lehen seihilekoan. Lehendakaritza txandakakoa da, eta bere eginkizunak dira, besteak beste, errektoreen Batzar Orokorraren eta Batzorde Iraunkorraren bileretarako deia egitea, bileren buru izatea eta eguneko aztergaiak ezartzea, Batzar Orokorraren eta Batzorde Iraunkorraren erabakiak betearaztea eta haien jarraipena egitea, eta organo horiei proposamenak egitea.

Bileran aztertu diren gaietatik, ondoko hauek nabarmendu behar ditugu: G-9 Taldearen naziarteko eremuko ildo estrategikoak definitzea 2010-12 aldirako; Afrikan lankidetzan aritzeko programak aztertzea, hezkuntza-azoketara agertzea Saudi Arabian edo Marokon; nazioarteko mugikortasun-programak; G-9 Taldeko Garapenerako Ikerketaren I. Sariaren deialdia, edo hitzarmen bat sinatzea Frantzian Atlantiar Mendebaldeko Unibertsitateen Sarearekin, unibertsitateen arteko lankidetza programak garatzeko.

Unibertsitateen 9 Taldea (G-9), Espainiako unibertsitate-arteko talde handiena da, hala ikasle kopuruagatik (200.000 baino gehiago), nola elkarren arteko proiektu kopuruagatik ere. Hauek dira taldea osatzen duten unibertsitateak: Kantabriakoa, Gaztela-Mantxakoa, Extremadurakoa, Balear Uharteetakoa, Errioxakoa, Oviedokoa, Euskal Autonomia Erkidegokoa, Nafarroako Publikoa eta Zaragozakoa.