Joan eduki nagusira

zoom Alfonso Carlosena eta Belén Altuna, kanpainaren aurkezpenean.

Alfonso Carlosena eta Belén Altuna, kanpainaren aurkezpenean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak kanpaina bat abian jarri du unibertsitateko kideak sentsibilizatzeko, ikasteko eta ikertzeko diren eraikin eta instalazioetan zarata maila jaisteko beharrari dagokionez, bereziki Liburutegian. Kanpaina honen hasiera bat dator gaur, asteazkena, apirilak 28, Zarataren Kontzientzia Hartzeko Nazioarteko Eguna izatearekin, “Isiltasuna entzun” leloa duena hain zuzen ere.

Kanpainaren leloa da “Biblioteca, espacio sin ruido/Liburutegia, zaratarik gabeko gunea” eta gaur aurkeztu dute Alfonso Carlosena Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa errektoreordeak eta Belén Altuna Liburutegiko arduradunak.

Ekimen honen helburua da isiltasunaren balioa nabarmentzea Liburutegira ikastera joaten diren ikasleen irakaskuntza errendimendua hobetzeko tresna gisa. Horretarako heldu den ekainera bitartean garatuko diren hainbat fasetako ekimen sorta bat abian jarri da.

Alde batetik, Liburutegian isiltasuna gaiarekin lotutako leloak dituzten kartelak eta orriak markatzekoak egin dira. “Zarataren aurrean... Parte hartu isilean!, “Isildu sakelakoa” “Ez diezazutela denbora galarazi” edo “(Zure) isiltasuna errespetua da” dira ikasleek Unibertsitateko hainbat eraikinetan edo maileguan eskatzen dituzten liburuekin batera emango dizkieten orriak markatzekoetan ikusi ahalko dituzten leloetako batzuk. Kanpaina osatzeko “banner” bat kokatu da Unibertsitatearen web gunearen azalean eta haren bidez kanpainari buruzko informazioan sartzen da (www.unavarra.es/espaciosinruido)

Liburutegiko langileek ere modu aktiboan parte hartuko dute kanpaina honetan, ikasleei azalduko baitiete instalazio hau ikasteko eremu bat dela eta isilik egon beharra dagoela bertan. Kanpaina hau NUPeko Gizarte Ekintzarako Unitateak kudeatzen duen Unibertsitate Osasungarriaren aldeko Planaren barruan sartzen da eta unitate horrek lagundu du kanpainaren sorreran eta garapenean.


Ia 800 irakurle-postu aretoan


Liburutegietan azken urte hauetan nagusitu eta zabaldu den arazo bat da zarata, teknologia berrien sarreragatik, ordenagailuak gehienbat, eta Bolognako Planak ekarri dituen irakaskuntza metodoen aldaketengatik, ikasleek talde-lan gehiago egin behar izaten baitute. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegira ere iritsi da joera hori, neurketak egin ondoren antzeman baita ikasteko eta irakurtzeko den eremu baterako gomendatzen dena baino zarata maila handiagoa dela.

NUPeko Liburutegian 796 irakurle-postu daude beheko solairuko erdiko nabean. Nabe honen egituragatik beragatik, ezinezkoa da abian jartzea zarata maila jaitsi ahal izateko neurri teknikorik. Hala ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoak aurreikusten du hainbat neurri, esaterako, ikasle taldeek elkarrekin jarduteko erabili ahalko dituzten areto kolektibo itxiak sortzea. Printzipioz, aurreikusten da heldu den ikasturtean honelako hogeita hamar aretotik gora zabalik izatea.