Joan eduki nagusira

Guztira 2.887 ikaslek eman dute izena Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2010-11 ikasturterako eskaintzen dituen 16 graduetan. Kopuru horrek erakusten duen igoera 164koa da aurreko ikasturtekoarekin alderatuta (2.723), eta 550ekoa 2008-09 ikasturtearekin alderatuz gero, azken horretan 2.333 ikaslek egin baitzuten aurreinskripzioa. Aurreinskripziorako lehen epeak apirilaren 19tik 22ra arte iraun du, eta www.unavarra.es webgunearen bidez egin da. Ikasleek ikaspostua eskatu ahal izan dute NUPen ematen diren Graduetan, ikasi nahi dituzten karrerak adieraziz lehentasun ordenaren arabera.

2010-11 ikasturte honetan berritasun nagusiak izan dira NUPek bere eskaintza osoa egokitu duela Europako Unibertsitate Eredura, eta ekain honetan Batxilergoa bukatzen duten ikasleek hautaproba berriak egin beharko dituztela Unibertsitatean sartzeko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, guztira, 16 gradu titulazio eskaintzen ditu datorren ikasturterako, haietako bi (Fisioterapia eta Diseinu Mekanikoa) Tuterako campusean. Aurreko urtean gertatu zen bezala, Irakasletzako bi graduak (Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza) dira ikaspostuen eskaera gehien jaso dutenak. Bien artean 816 aurreinskripzio bildu dituzte. Aurreko ikasturtean, gradu horiek abian jarri zirenean, 655 eskaera izan zituzten.

Bestelako titulazio batzuetan ere aurreinskripzio nahiko izan dira: Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolan (Erizaintza eta Fisioterapia) 600dik gora, Ingeniaritza Elektromekanikoko Gradua, 261 eskaera eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduan 231. Halaber, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduko Nazioarteko Taldean, irakasgaien erdia ingelesez emango den horretan, 55 inskripzio izan dira.

Sartzeko moduari dagokionez, eskatzaileen bi heren baino gehiago (2.007 guztira) dira Unibertsitatean sartzeko proba (Hautaprobak) gainditzeko zain daudenak. Beste 316 dira Lanbide Heziketako ikasketak amaitzeko zain daudenak, eta gainerakoak dira hautaprobak gainditu dituztenak, LH amaitu dutenak, 25 urtetik gorakoak edo bigarren zikloan sartu nahi dutenak.

Bigarren aurreinskripzioa eta matrikula

Aurreinskripzio prozesuan, ikasleek nahi dituzten lau titulazio jar ditzakete gehienez ere, lehentasun ordenaren arabera. Ikasle bat karrera batean onartua bada, lehentasun hurrenkeraren arabera atzean zerrendatu zituen titulazioak baliogabetzen zaizkio, baina, ondoren argitaratzen diren onartuen zerrendetan, kontuan hartuko dira lehenetsi zituen titulazioak. Hala, gainerako onartuen zerrendetan onartua bada, lehen matrikula deuseztatu eta beste bat egin ahalko du titulazio berrirako.

NUPek aurreinskripziorako bigarren epe bat irekiko du ekainaren bigarren hamabostaldian. Nolanahi ere, aurreinskripzioa apirilean egin dutenek ez dute lehentasunik edukiko ekainean egingo dutenen aldean. Onartuen lehen zerrenda uztailaren 16an argitaratuko da, eta ikaspostua lortzen dutenek uztailaren 22 eta 23an egin beharko dute matrikula. Matrikula ezarritako egunetan egiten ez dutenek ikaspostua gordetzeko eskubidea galduko dute.