Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Unibertsitatearen Eguna ospatuko du ostiral honetan, apirilalren 23an. Irakaskuntza-ekitaldi hori, Julio Lafuente López errektorea buru izango duena, 12:00etan hasiko da eta bertan Montxo Armendáriz zinema zuzendaria honoris causa doktore inbestituko dute.

Ekitaldia hasteko segizio akademikoa izango da eta errektoreak irekiera egiteko hitza hartuko du Ondotik, Unibertsitatean jarduten zuten eta 2009. urtean zendu ziren lagunen gogorarazpena egingo da, intsigniak jarriko zaizkie langile erretiratuei, 45 doktore berri inbestituko dira eta karguaren jabetza hartuko dute 21 irakasle funtzionario berrik.

Ekitaldiarekin jarraitzeko, honoris causa doktore inbestituko dute Armendariz zinemagilea. Horretarako, hasieran irakurri egingo da Gobernu Kontseiluak sari hori emateko hartu zuen erabakia. Ondotik, Manuel Vicent jaunak, idazlea, kazetaria eta El País egunkariko kolaboratzailea denak, nafar zinemagilearen Laudatioa irakurriko du. Azkenik, inbestitutakoak hartuko du hitza, izendapena eskertzeko.

Montxo Armendáriz, Oletan (Nafarroa) jaioa, azken 25 urteotan izan diren zinemagile ezin baztertuzkoetako bat da. Bere lanek balio handiagoa dute produktu ongi eginak eta publiko handiarentzako erakargarri izatearenak baino. Bere istorioak hurbiltasunean eta egunerokotasunean kokatzen dira, eta egileak ematen dien esanahi bereziak aukera ematen dio gizarteari bere burua aurkitzeko pertsonaia horien bidez, eta tokiko interesa edo herri usadioen ukitua, bere lanetan maisutza handiz ezartzen duena, goragoko maila bateraino eramaten du, gizakiaren interes unibertsaleraino, alegia. Armendarizek, bere film hoberenetariko batzuen istorio, pertsonaia eta paisaien bidez, Nafarroaren erretratu fidela egiten du, modu erraz baina sendoan, bere lurrarekiko maitasun sakon eta zintzoa erakutsiz.

Ekitaldiko alderdi musikala Bertiz harizko laukoteak beteko du, Arturo Goldaracenaren zuzendaritzapean. Ekitaldi akademikoaren itxiera, halaber, Julio Lafuente errektorearen esku egongo da.

Internet eta Tiwtter-en bidezko emanaldia

Unibertsitatearen Egunaren ekitaldi akademikoaren jarraipena egin nahi dutenek osorik ikusi ahalko dute, zuzenean, Interneten bidez. Horretarako esteka honetara sartu behar da: http://csie.unavarra.es/upnatv/endirecto.htm; nahi izanez gero www.unavarra.es. orrialde nagusitik ere sar daiteke. Halaber, Twitter kanalaren bidez ekitaldiaren berri emango da.