Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan apirilaren 21 eta 22an Irisgarritasun Unibertsalari buruzko IV. Jardunaldiak egingo dira, Retina Navarra elkarteak antolatuta eta oraingo honetan “Kate maila ahulena” izenburua dutenak. Inaugurazio ekitaldia bihar asteazkenean, apirilaren 21ean izango da goizeko 10:00etan Nicolás Oresme Aretoan, Gurbitzak eraikinean. Ekitaldiaren buru izango dira Julio Lafuente Unibertsitateko errektorea, Elena Torres Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Amelia Salanueva Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko kontseilaria, eta José María Casado Retina Navarra Elkarteko lehendakaria, besteak beste.

Retina Navarra Elkarteak “irisgarritasun kateak” kontzeptua nabarmendu nahi du IV. Jardunaldi hauetan, hausnarketa eginez arauei buruz, aurrerapen teknologikoei buruz eta hiri inguruetako joan-etorri fisikoei buruz. Helburua irisgarritasun kate-maila batzuetan sakontzea da, beren bizi kalitatean zuzenean eragiten duten hainbat eskubiderik gabe gelditzen den hiritar kolektibo handi bat sorrarazten duten kate mailarik ahulenak antzemateko. Azken batean, jardunaldien xedea da irisgarritasuna bizi kalitatearen funtsezko elementu gisa ulertzea, eska daitekeen eskubide bat bezala eta ekoizpen inguru, jarduera eta zerbitzu guztietan hiritar guztientzat modu normalizatuan sartu beharreko ezaugarri gisa.

Adituen hiru panel prestatu dira guztira. Lehenbiziko asteazkenean 10:30ean hasiko da eta “Desde la normativa al usuario” (Arauetatik erabiltzaileenganaino) izenburua izango du. Javier Miranda IBILI Elkarteko lehendakariak koordinatuko du, eta hizlari gisa parte hartuko dute Rafael Lara NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanordeak, Carlos Gil Nafarroako Parlamentuko Prentsa eta Protokoloburuak; Miguel Ángel Barón Nafarroako Kazetarien Elkarteko buruak; Emilio Flamarique Nafarroako AENORren Ordezkaritzako zuzendariak; Valentín Fortún Cormin-en idazkari nagusiak; eta Santiago Garde Geriatria eta Gerontologiako Nafarroako Elkarteko lehendakariordeak.

Adituen bigarren panelak “Tecnología. ¿Para qué?” (Teknologia, zertarako?) gaia aztertuko du. Joaquín Sevilla NUPeko irakasle eta ezgaitasunerako teknologian ikertzaileak koordinatuko du. Panel honetan ingeniariek eta mota honetako teknologietan adituak direnek parte hartuko dute. Hirugarren eta azken panela ostegunean apirilaren 22an emango da eta hiri ibilbideak aztertuko ditu. Marcela Vega Retina Navarra Elkartekoak, irisgarritasun unibertsalean aditua denak, koordinatuko du.


Aitorpenak Irisgarritasun Unibertsalari


Irisgarritasun Unibertsalari buruzko IV. Jardunaldien amaiera saioa 13:00etan hasiko da, Retina Navarra Elkarteak Irisgarritasun Unibertsalaren Aitorpenak emanez. Lehen saria Nafarroako Unibertsitate Publikoari emango zaio egiten ari den ahalegin handiagatik, irisgarritasun unibertsalaren printzipioak errealitate bihur daitezen erakundearen funtzionamendu normalaren dinamikaren barruan, bai eraikinetan bai prestakuntza edukietan eta irakasleen eta zerbitzuetako langileen jarreran ere bai. Camino Oslé NUPeko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak jasoko du saria.

Retina Navarra Elkarteak aitorpena emango die La Perla Hotelari bere instalazioetarako irisgarritasun orokorragatik, Nafarroako Ganberari “Sin Barreras” bere sariengatik, eta Javier Tellechea eta Carmelo Fernández Militino arkitektoei Amma Oblatas egoitzagatik.