Joan eduki nagusira

zoom Unibertsitateak osotara 16 Gradu emango ditu hurrengo ikasturtean

Unibertsitateak osotara 16 Gradu emango ditu hurrengo ikasturtean

Hurrengo astelehenetik, 8:30etik aurrera hasita, eta hilaren 22ra arte, eta egun horretan 14:30era arte, irekita egongo da Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurreinskripzio aurreratua egiteko epea 2010-2011 ikasturterako, zeinean indarra hartuko baitute osorik Europako Unibertsitate Eremuak eta Gradu ikasketek. Lau egun horietan, ikasleek ikaspostua eskatu ahalko dute www.unavarra.es webgunearen bidez NUPen ematen diren Graduetan, eta ikasi nahi dituzten karrerak adierazi beharko dituzte lehentasun ordenaren arabera.

Aurreinskripzioa zabalik dago ikasketak amaitu gabe dituzten edo amaitu dituzten ikasleentzat. Apirileko aurreinskripzioa egin eta gero, baliozkoa izan dadin, aurreinskripzioa egin duten pertsonek ekainean aurkeztu edo bidali beharko dute eskatutako dokumentazioa. Nolanahi ere, aurreinskripzioa orain egiten dutenek ez dute lehentasunik edukiko aurreinskripzioa ekainean egiten dutenen aldean.

Osotara, 16 Gradu emango ditu NUPek hurrengo ikasturtean. Gradu horietatik bi, Haur Hezkuntzako Irakasle Gradua eta Lehen Hezkuntzako Irakasle Gradua, aurten abiarazi dira. Aurreinskripzioa unibertsitateko webgunearen bidez egingo da bakarrik.

Aurreinskripzio prozesuan, gehienez ere lau titulazio adieraz ditzakete ikasleek lehentasun ordenaren arabera. Ikasle bat karrera batean onartua bada, lehentasun hurrenkeraren arabera atzean zerrendatu zituen titulazioak baliogabetzen zaizkio, baina, ondoren argitaratzen diren onartuen zerrendetan, kontuan hartuko dira lehenetsi zituen titulazioak. Hala, gainerako onartuen zerrendetan onartua bada, lehen matrikula deuseztatu eta beste bat egin ahalko du titulazio berrirako.

Onartuen lehen zerrenda uztailaren 16an argitaratuko da, eta ikaspostua lortzen dutenek uztailaren 22 eta 23an egin beharko dute matrikula. Matrikula ezarritako egunetan egiten ez dutenek ikaspostua gordetzeko eskubidea galduko dute.