Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2010-11 Nazioarteko Mugikortasun Programetako lekuak betetzeko aparteko deialdia zabaldu du, Gradu edo Master ikasketak eta Lehen edo Bigarren Zikloko ikasketa ofizialak egiten ari diren ikasleei zuzenduta daudenak. Eskabideak aurkezteko epea gaur zabaldu da, osteguna, apirilak 15, eta heldu den 22an bukatuko da. Eskaintzen diren programak honako hauek dira: Erasmus-Ikasketak, Erasmus-Enpresak, Virrey Palafox, Aldebiko Hitzarmenak, Martín de Rada eta Prestakuntza Solidarioa. Azken kasu honetan, Estanislao de Aranzadi Praktika Juridikoko Eskolan matrikulatutako ikasleek ere parte hartu ahal dute.
Deialdiaren oinarrietan adierazten da eskatzaileek 2010-11 ikasturte honetan matrikulatuta egon behar dutela, eta beren titulazioko lehen ikasturteari dagozkion kreditu guztiak gaindituta eduki behar dituztela. Balioespen Batzordeak, Javier Casalí Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordea buru duenak, esleituko ditu ikaspostuak eskatzaileen ikasketa espedientea eta hizkuntzen ezagutza kontutan hartuta, eskakizun hori duten ikaspostuetan. Programa guztietarako hizkuntza azterketa apirilaren 27an egingo da. Erasmus-Enpresa programaren kasuan, parte hartu nahi duten ikasleek proba espezifiko bat izango dute, banakako elkarrizketarena. Prestakuntza Solidarioko programan parte hartzeko hautagaiei gizarte boluntariotzan eta garapenerako lankidetzan duten esperientzia ere balioetsiko zaie.
Hautatutako ikasleen zerrenda maiatzaren 17a baino lehen argitaratuko da ebazpen baten bidez NUPeko webean (www.unavarra.es) eta Arrosadiko eta Tuterako campusetako iragarki oholetan. Interesdunek deialdi honi buruzko informazioa zabaldu eta eskabiderako inprimakia behera kargatu ahalko dute http://www.unavarra.es/servicio/relext/extraordinaria%2010-11.htm helbidean.
Praktikak atzerriko enpresetan
Nazioarteko mugikortasun programa berritzaileenetako bat Erasmus-Enpresa da, NUPeko ikasleei laneko praktikak atzerrian egiteko aukera ematen diena. Praktika hauen edukia bat dator eskabidea egiten duen ikasleak ziurtatutako titulazioarekin eta hizkuntzarekin. Europar Batasuna osatzen duten 27 herrialdek eta Liechtenstein, Norvegia, Islandia, Turkia eta Suitzak parte hartzen dute programa honetan.
Ikasleen hautaketa prozesuan, ikasketa espedientearen eta hizkuntzaren baliospenez gain, NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioko Enplegu Arloak koordinatzen duen hirugarren proba bat ere sartzen da. Izan ere, hautagaiak hautatutako atzerriko hizkuntzan duen ahozko trebetasuna eta hautagaiaren profilaren egokitasuna balioesteko elkarrizketa bat da. Elkarrizketa horiek apirilaren 29tik maiatzaren 7ra bitartean egingo dira.