Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko hainbat irakaslek eta administrazio eta zerbitzuetako langilek, elkarte bat sortu dute ezgaitasunaren alorrean ikasketaren eta ikerketaren aldetik egin beharreko ahaleginen garrantziari buruzko kontzientziazioa bultzatzeko unibertsitate komunitatean. Elkarte hori, Universidad y Discapacidad izenekoa, berriki eratu da eta unibertsitate komunitatearen aurrean aurkeztuko da datorren ostiralean, apirilaren 16an. Ekitaldia Ada Byron aretoan (Arteak eraikina) izango da, 13:00etan.

Elkarte honek NUPek ezgaitasuna dutenei orain eskaintzen dizkien zerbitzuen osagarri izan nahi du, eta topagune bat bihurtu, unibertsitate komunitateak azken urteotan, bere esperientzia pertsonaletan, irakaskuntzan eta ikerketan bildu dituen baliabideak eta informazioa zentralizatzeko.

Universidad y Discapacidad elkarteko burua Carlos Alonso da, NUPeko Informatika Zerbitzuko Kudeaketa Ataleko burua. Zuzendaritza batzordeko gainerako kideak honako hauek dira: buruordea, Joaquín Sevilla, Unibertsitateko Teknologia Elektronikoa Arloko irakasle titularra; diruzaina, María Jesús Álvarez, Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologiaren Arloko irakasle elkartua, idazkaria, José Javier Astrain, Lengoaia eta Sistema Informatikoen Arloko irakaslea, eta batzordekidea, Sagrario Anaut, Gizarte Lana eta Gizarte Zerbitzuak Arloko irakasle titularra. Elkartearen helburuak dira, besteak beste, arazoari buruzko kontzientzia sortzea unibertsitate komunitatean, NUPen ezgaitasunari buruz egin diren azterlanak eta ikerketak sustatu eta hedatzea, eta haien prestakuntza akademikoan laguntza ematea, ikastaroen eta hitzaldien bidez. Ildo honetatik, elkartearen ustez, Unibertsitateak eskaintzen dituen titulazio askotan ezagutzak eta ikerketak eskaintzen ahal dira, ezgaitasuna dutenen bizi kalitatea hobetzeko, dela alderdi teknologikoan, nola juridikoan, gizarte lanean edo hezkuntza berezian.

Elkarteak, halaber, zubia izan nahi du unibertsitate eremuaren eta ezgaitasunaz arduratzen diren erakundeen artean, eta laguntza eskainiko die unibertsitatean ezgaitasuna dutenei eta haien familiei, NUPeko unitateen ardurapean ez dauden alderdietan.

Irisgarritasun plana, orientabide pertsonalizatua eta ikerketa

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ekimen ugari garatu ditu, urteetan zehar, ezgaitasuna duten pertsonen irisgarritasun unibertsala lortzeko. Zeregin hori berriki aitortu zuen Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberak, “Sin Barreras 2009” saria eman baitzion, kategoria honetan: “Irisgarritasun orokorra lantokietan. Enpresa publikoa modalitatea”. Sariko epaimahaiak balioetsi zuen Unibertsitateak erakutsitako kontzientziazioa campuseko hesiak kentzeko eta ezgaitasuna duten pertsonak bertan erraz eta oztoporik gabe ibiltzeko, bai eta ezgaitasuna duen ikasle bakoitzari emandako banakako tratua ere.

NUPek Irisgarritasun Orokorrerako Plana dauka. Hesi fisiko eta komunikaziozkoak kentzea aurreikusten du plan horrek. ONCE Fundazioarekin eta Imsersorekin sinatutako bi hitzarmenen bidez, irisgarritasuna lortzeko lanak egin ditu. Beste gauza batzuen artean, honako hauek: NUPeko errotulu guztiak braillez jarri ditu; hesi arkitektonikoak kendu ditu; plano bat egin du braillez idatzita eta erliebean, orientabidea errazteko; eta kantoreak jarri ditu eraikinen atarietan, letraz eta braillez irakurtzen ahal diren errotuluak dituztenak.

Horretaz gainera, Unibertsitateak hainbat ikerketa talde ditu domotikari, telelaguntzari eta beste aplikazio batzuei buruz ikertzen, eta beren lanekin bizimodu autonomoaren alde egiten dute eta ezgaitasun-maila funtzional ezberdineko pertsonak onartzearen alde. Esate baterako, NUPek eta Asociación Retina Navarra elkarteak bizi kalitaterako berrikuntza poloa (PinCV) sortu dute. Plataforma hori osasun arloko profesionalek, ikertzaileek eta teknologoek osatzen dute, eta helburua du konponbide berritzaileak garatzea, pertsonen ongizatea sustatzeko. Era berean, urte honen hasieran Unibertsitateak lan ibiltarietan aritzen direnen kokapena aurkitzeko sistema berri bat aurkeztu zuen, Elkarkide Enplegu Zentro Bereziarekin batera sortua.

NUPen beste ekimen bat Ezgaitasuna duten Ikasleentzako Arreta Programa da. Harrera egiteko plan pertsonalizatuak, informazioa, aholkularitza, laguntza teknikoak eta pedagogia baliabide egokituak aurreikusten ditu ezgaitasuna duten ikasleak unibertsitate bizimoduan normaltasunez moldatu ahal izateko. Hori guztia osatzeko, ikaspostuak gordetzen dira titulazio guztietan, unibertsitatean sartzeko probak egokitzen dira, edo sentsibilizazio eta prestakuntza jarduerak sustatu eta garatzen dira unibertsitate komunitateko kideentzat.