Joan eduki nagusira

zoom Cristina Latasa Osta

Cristina Latasa Osta

Mikroorganismo patogenoen genomikari buruzko Europako Ikerketa sareak, Era-Net PathoGenoMics izenekoak, Cristina Latasa Ostak Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatutako tesia saritu du. Salmonellaren biofilma eratzen duten mekanismo molekularrak argitzea izan zen bere doktoretza lanaren helburua, eta mikroorganismo honen iraupen eta birulentzia prozesua ulertzen lagundu du. Saria 2.000 eurokoa da, eta apirilaren 22an emango zaio Pécs-en (Hungarian), Patogenomikari buruzko 2010eko Biltzarrean.Era-Net PathoGenoMics gizakien mikroorganismo patogenoen genomen sekuentziazioa egiteko laguntza eta lankidetza jarduera transeuroparra da, eta Europako Batzordearen babesa dauka. Mikroorganismo patogenoen genomikaren arloko Europako zientzia sarea sendotzea eta hamar estatu kideetan egiten den ikerkuntza finantzatzeko agentzia nazionalen ahaleginak koordinatzea da bere helburua. Hauek dira estatu kideak: Austria, Finlandia, Frantzia, Alemania, Hungaria, Israel, Letonia, Portugal, Eslovenia eta Espainia.

Erakundeak hiru doktoretza tesi saritzen ditu urteroko deialdietan. Cristina Lasa saria emateko ekitaldira joango da, eta hitzaldia eskainiko du bere ikerketaren emaitzak ezagutarazteko. Saritutako tesiaren izenburua da “Characterization of the role of the virulence plasmid and a novel surface proteina in the biofilm formation process of Salmonella enteritidis”, eta Iñigo Lasa Uzcudun katedradunak, Agrobioteknologia Institutukoak, zuzendu zuen —erakunde hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, CSICen eta Nafarroako Gobernuaren arteko zentro mistoa da—. Alejandro Toledo Arana NUPeko beste doktore batek jaso zuen, halaber, sari hori 2006an, Era-Net PathoGenoMics sareak sari hori lehenengoz eman zuen urtean hain justu.


Salmonellosia


Bakterioak, beren ingurune naturalean, biofilm izeneko mikroorganismo komunitateak eratuz garatzen dira, salmonellarekin gertatzen den bezala. Adituen artean aski onartua dagoen iritzia da salmonellak biofilmak eratzeko daukan gaitasuna funtsezkoa dela hark ingurunean bizirauteko, eta horrek elikagaien kutsadura ahalbidetzen du. Salmonellosi kasuek zerikusia dute gure dietan ohikoak diren produktuen kontsumoarekin, hala nola haragi, arrautza edo barazki kutsatuak, eta gaur egun elikagaien bidez kutsatzen den infekzio hori osasun publikoko arazo larritzat hartzen da, are herrialde garatuetan.

Cristina Latasak egindako tesiaren helburua zen salmonellaren biofilma eratzen duten mekanismoak argitzea, aurretiaz eratutako biofilm bat desegonkortzeko edo hura ez eratzeko estrategiak garatzen laguntzeko itxaropenarekin.