Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Genero Berdintasunerako II. Plana onetsi du; 2009/2010 ikasturtean zehar garatuko da eta neurriak aurreikusten ditu hainbat arlotarako: erakunde-komunikazioa, sentsibilizazioa, karrera akademikoa, bizitza pertsonala, familiakoa eta profesionala bateratzea, genero indarkeriari aurrea hartzea, eta abar.

Bigarren ekintza plan hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren berdintasuneko I. Planaren helburuen ondorioa da. Azken plan hori 2009ko otsailean onetsi zen, berdintasuna sustatzeko eta lortzeko gizonen eta emakumeen artean unibertsitateko bizitzaren arlo guztietan. Unibertsitatearen II. Plan Estrategikoan jada azaltzen zen Berdintasunerako I. Plana, eta genero diagnostiko baten emaitzak ikusi ondoren prestatu zen, izan ere, unibertsitate komunitateko hainbat eremutan ezberdintasun egoerak begibistakoak baitziren.

Berdintasunerako Planarekin batera, joan den ikasturtean lehen ekintza plana onetsi eta garatu zen. Horren emaitza nabarienetako bat izan zen Genero Berdintasunerako Unitatea sortu eta abian jartzea. Orain zabalduko den bigarren ekintza planean, lehenbizikoan bukatu gabe geratu ziren ekintza batzuk jasotzen dira, lan-lerro berriekin batera.


Helburuak


Ikasturte honetan Berdintasunerako Unitatea egonkortu nahi da. Unitatean berdintasuneko teknikari batek hainbat hilabete darama hedapenean, sentsibilizazioan, hizkera ez sexistaren sustapenean eta beste zenbait arlotan lan egiten. Gainera, genero ikuspegia sartu nahi da erakunde komunikazioan, estrategia bat planifikatuz hizkera ez sexista ezartzeko eta sentsibilizazioa lortzeko erakunde komunikazioarekin eta jedearentzako arretarekin lotura handiena duten unibertsitate zerbitzuetako langileen artean.

Helburu hori erraztu nahiean, prestatuko dira material lagungarriak eta agiri eta inprimaki erabilienen plantillak, hizkera ez sexistara egokituak. Halaber, hizkeraren erabilera ez sexistari buruzko prestakuntza jarduerak garatu nahi dira, administrazio eta zerbitzuetako langileentzat.

Beste ekintza bat lotua dago sexuaren aldagaia Nafarroako Unibertsitate Publikoak sortzen duen informazio estatistikoan sartzearekin, genero desberdintasuna arlo guztietan eabaluatu ahal izateko. Hori dela eta, proposatzen da unibertsitate-aditu talde batek, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Emakumea eta Zientzia Batzordeak zuzendurik, ezarri duen lan-lerroari jarraitzea.

Ekintza planak, halaber, bidea aurkitu nahi du genero ikuspegia Unibertsitateak, Europako Unibertsitate Eremuan, eskaintzen dituen graduko eta graduondoko titulazio berrietan sartzeko. Era berean, laguntza eman nahi du emakumezko irakasle eta ikertzaileen karrera akademikoa zailtzen duten oztopoak desagertarazteko.

Beste helburu bat da gizonezkoen eta emakumezkoen jakintzen arteko ohiko bereizketa gainditzea. Horretarako sustatuko da emakumezko eta gizonezko ikasleak era parekatuan banatzea unibertsitateko karreretan, sentsibilizazio jardueren bidez eta genero ikuspegia sartuz gradu berriei buruzko informazioan.

Planean, halaber, bizitza pertsonala, familiakoa eta profesionala bateratzeko ekintzak daude, apirilaren 29ko 932/2008 Ebazpenaren esparruan. Ekintza horietako bat ludoteka zerbitzua finkatzea izango litzateke.

Aurreikusten diren beste ekintza batzuk lotuak daude unibertsitatean, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren ondorioz, atzeman daitezkeen bazterketa, jazarpena, abusu sexual eta genero indarkeria mota orori aurrea hartzea.