Azaroan, 400 urte beteko dira Inkisizioak Logroñon egin zuen Autofedearen geroztik. Ia denbora bera iragan da Nafarroako Unibertsitate Publikoko liburutegian gordetzen den liburuarentzat. Burgosen 1611n inprimatu zenaren ale ezagun bakarra da. Bertan azaltzen den prozesura sorginkeriaren akusaziopean eraman zituzten 53 pertsona. Berrogei Zugarramurdi ingurukoak ziren, eta horietatik hamaika sutan hiltzera kondenatu zituzten.
Logroñoko Autofedeari buruz bi argitalpen atera ziren, bat Logroñon, Juan de Mongastonek inprimatua, eta beste bat Burgosen, Juan Bautista Varesiok inprimatua. Azken hori da unibertsitateak duena. Liburutegiko antzinako Fondoko Bulegoko arduradunak azpimarratzen duenez, ezagutzen den ale bakarra da. Arduradunak dioenez argitalpen hori aipatu zuen Agustín González de Amezua y Mayo adituak, Cervantesen “El casamiento engañoso y el coloquio de los perros” lanaren 1912ko argitalpen kritikoan, eta “bitxitasun handiko” argitalpentzat jotzen zuen Burgoskoa, ez zelako inongo bibliografiatan aipatzen. “Gainera, berak ikusi eta aztertu zuen liburuaren egoera fisikoaz egiten duen deskribapenagatik –adibidez, aipatzen du bi orrialde hondatu bazirela- ondorioztatu dugu orain unibertsitatean daukagun bera dela” gehitzen du.
Alea 2005ean erosi zuen NUPek. Xilografiazko grabatu baten gainean, liburuaren izenburuak honela dio: “Relacion summaria del auto de la fe que los señores doctor Alonso Bezerra Holguin, del Abito de Alcantara, licenciado Ioan de Valle Alvarado, Licenciado Alonso de Salazar Frias, Inquisidores Apostólicos en el Reyno de Navarra y su distrito, celebraron en la Ciudad de Logroño, en siete y ocho días del mes de Noviembre, de mil seyscientos y diez años”. Egilea, Luis de Fonseca, Zaragozan jaioa zen eta Burgosen bizi zen.
Liburu honek ezberdintasunak ditu Logroñon argitaratutakoarekin, izenburuan eta edukian ere bai. Testuaren 87 orrialdeetan orri-bazterreko oharrak ere badaude, eta sutara kondenatu eta exekutatu ziren hamaika pertsonen izenak ematen dira. Horietako sei -Domingo Subeldegui, Petri de Ioan Gobena, María de Arburu, María de Chachute, Graciana Iarra etay María Bastan de Borda- bizirik erre zituzten; gainerako bostak, horiek ere sutara kondenatuak -Ioannes de Odiha, Ioannes de Chegui, María de Zozaya, María de Calequa eta Estefanía de Petri Sancena- kartzelan jadanik hil ziren eta haien hondarrak erre zituzten. Testuan, halaber, beste 17 pertsonaren izenak ematen dira; damutu zirenak eta errekontziliatu zituztenak. Horietako zortzi, kartzelan zirenean hil ziren.
Juan de Mongastonek Logroñoko inprimatutako argitalpenaren ale bat baino gehiago daude, horietako bat Liburutegi Nazionalaren fondoetan.