Nafarroako Unibertsitate Publikoak martxoaren 27an, larunbatean, egingo du Arrosadiko Campusean Ateak Zabaltzeko azken Eguna. Helburua da 2010-11 ikasturteko irakaskuntza-eskaintza aurkeztea. Kasu honetan, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko titulazio berriak aurkezteko egin da deialdia.
Hurrengo ikasturtean unibertsitatean sartu nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat dira, Europako Unibertsitate Eremura egokitutako titulazioak abian jarriko baitira.
Lehenengo hitzaldia 10:00etan egingo da Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan, eta bertan Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMETek) Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua aurkeztuko du. Ekitaldian izango dira, besteak beste, Javier Casalí Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordea eta Ana Arana NIGMETeko zuzendaria.
11:30ean hasiko da, Ikasgelategiko 09. ikasgelan, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko titulazioen aurkezpena. Alfonso Carlosena Ikerketa errektoreordea eta Ignacio Matías Eskolako zuzendaria izango dira ekitaldiaren buruak. Ekitaldi horretan, titulazio hauek aurkeztuko dira: Industria Teknologietako Ingeniaritza Gradua; Ingeniaritza Elektromekanikoko Gradua (Mekanika, Elektrizitate eta Industria Elektronika espezialitateak); Ingeniaritza Gradua Diseinu Mekanikoan (Tuterako campusa);Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza Gradua (Telekomunikazio Sistemak, Ikus-entzunezko eta Multimedia Sistemak, eta Telematika eta Sistema Elektronikoak espezialitateak) eta Informatikako Ingeniaritza Gradua.
Aurkezpen saioak bukatu eta gero, etorritakoek bisita gidatua egin ahalko dute Unibertsitateko instalazioetan barna, esate baterako, campusean, liburutegian, kirol instalazioetan eta Urkiak egoitzan.
Hirugarren Eguna eta Aurreinskripzioa egiteko astea
Larunbateko saioarekin, NUPek amaiera eman die hurrengo ikasturteko irakaskuntza-eskaintza aurkezteko antolatu diren Ateak Zabaltzeko Egunei. Lehenengoa martxoaren 6an egin zen Tuteran, eta bigarrena martxoaren 13an, Arrosadiko Campusean. Ateak Zabaltzeko Egunak Aurreinskripzio Astea baino pixka bat lehentxeago egiten dira. Aurreinskripzio egunak apirilaren 19tik eta 22ra artekoak izango dira.