Joan eduki nagusira

zoom Camino Oslé eta Alonso Remedios, erakusketaren paneletako baten ondean.

Camino Oslé eta Alonso Remedios, erakusketaren paneletako baten ondean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak gaur inauguratu du erakusketa bat “Jazza Unibertsitatean” zikloa abian jarri zeneko hamargarren urteurrena ospatzeko. Sarioko sarreran jarri den “Hamar urtez jazza NUPen” izeneko erakusketan, azken hamar urteotan Arrosadiko campusean izan diren jazzeko hogeita hamarretik gora bakarlari eta talderen testuak eta argazkiak biltzen dira. Horiei, “Jazza Unibertsitatean” zikloaren X. ediziorako programatutako beste hiru emanaldi gehituko zaizkie apirilaren 19, 20 eta 21ean.

Camino Oslé Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak gaur aurkeztu ditu erakusketaren edukiak eta urte honetarako aurreikusten den egitaraua. Harekin batera egon da Alonso Remedios, Last Tour International enpresakoa, kontzertuak kontratatzeaz arduratzen dena. Ondoren, erakusketa bisitatu dute, Sarioko sarreran erakusgai dagoena 9:00etatik 21:00etara apirilaren 30era bitartean. Erakusketa, ekainean, Barañaingo etorbidean dagoen Osasun Zientzien eraikinean jarriko da, eta, azkenik, Tuterako campusean ikusi ahalko da (irailaren 1etik 30era).

Ia hamar urte igaro dira Josetxo Goia-Aribe Ensemble taldeak “Jazza Unibertsitatean” zikloaren lehen edizioari hasiera eman zionetik 2001eko azaroaren 19an. Lehen ziklo hura Amaraun, Meli Bernet Quartet eta Xabier Richardeau Quintet taldeek osatu zuten. Ordutik, hogeita hamarretik gora bakarlarik eta taldek bisitatu dute NUP, eta horietako batzuk eskola magistraletan eta lantegietan parte hartu dute jazz zaleekin. Nazioartean ospe handia izanik Unibertsitatean jardun duten musikarien artean aipatzekoak dira Jerry González & Javier Colina, Jesse Davis & Ignasi González Trio, Ronald Baker & Hiroshi Murayama Quartet, Baldo Martínez Grupo, Stanley Jordan edo Gonzalo Rubalcaba. Ekimen honen bidez, NUPek musika estilo hau doan hurbildu nahi izan du unibertsitateko kideengana eta gizarte osoarengana.

Hiru kontzertu Fernando Remacha aretoan

Camino Oslék “Jazza Unibertsitatean” X. zikloaren egitaraua ere aurkeztu du eta, estreinakoz, hiru emanaldi eskainiko dira Sarioko Fernando Remacha aretoan. Azken edizioetan bezala, zikloan nazioarteko talde bat arituko da (Ben Allison Band), nazio mailako talde bat (The Cherry Boppers) eta bertako talde bat (KGM Jazz Trío). Kontzertu guztiak 19:30ean hasiko dira eta sarrera doan izango da.

Heldu den apirilaren 19an KGM Jazz Trío taldeak zikloari hasiera emango dio. Taldeko kideak dira Marcelo Escrich Pablo Sarasate Musika Eskolako kontrabaxu irakaslea, Kontxi Lorente pianojole eta Joaquín Maya Musika Eskolako irakaslea, eta Gorka Gaztanbide Pablo Sarasate Musika Eskolan jazzeko bateria espezialitatean lizentziatu berri dena. Taldearen errepertorioak jazzeko musikari handiak omentzen ditu, esaterako, Miles Davis edo Bill Evans, baina ukitu iberikoarekin eta Chano Domínguezen edo Perico Sambeaten lanak ere jotzen dituzte.

Apirilaren 20rako bi jarduera programatu dira. Lehenik eta behin, 17:00etan Bruce Weber argazkilari eta zinegilearen “Let’s get lost” dokumentala emango da, jazzaren munduan aparta izan den Chet Bakerren bizitza kontatzen duena. Ondoren, The Cherry Boppers bilbotar taldea arituko da. Jazz-funk erritmoak jotzen dituen banda honek hainbat sari irabazi ditu, Bilbao Hiria 2007an zuzeneko hoberenaren kategorian, edo Villa de San Adrián Lehiaketa 2007an. Taldeak DVD bat estreinatuko du laster joan den udan Bilboko jaietan 4.000 lagunen aurrean eskainitako zuzenekoan grabatutakoarekin.

Ben Allison eta bere banda zikloaren hirugarren eguneko protagonista izango dira apirilaren 21ean. Arratsaldeko 17:00etan Allisonek eskola magistral batean parte hartuko du, eta 19:30ean kontzertu bat eskainiko du. Ben Allison baxujolea musikagile bitxia da, inprobisatzaile ausarta eta New Yorkeko jazzeko eszena garaikidearen sustatzaile handia. Bederatzi disko grabatu ditu jatorrizko lanekin eta beste batzuenak diren 40 disko baino gehiagotan parte hartu du. Allison, mundu osoan zehar ibilia da emanaldietan; izan ere, kultu musikaria da, bere soinu propioa bilatzen duena, eta Iruñera biolina, tronpeta, gitarra eta bateria biltzen dituen taldearekin etorriko da.

Bestalde, Radio Nacional de Españako Radio 3 ziklo honetan izango da berriz ere, iaz Santiago Alcandak “Como lo oyes” saioarekin izan zen bezala. Oraingo honetan, Isabel Ruiz Larak gidatzen duen “El Postre” saioa apirilaren 22an gaueko 22:00etan ziklo honi eskainiko zaio. Era berean, RNE Radio 3ek Ben Allison Banden kontzertua eskainiko du 25ean, igandean, arratsaldeko 15:00etan “Tres en la carretera” saioan.