Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Elba Bienzobas eta Juan Manuel López (Infocenter), Carlos Castellano, Ricardo Alaez-Aller eta Cristina Bayona (NUP)

Ezkerretik eskuinera, Elba Bienzobas eta Juan Manuel López (Infocenter), Carlos Castellano, Ricardo Alaez-Aller eta Cristina Bayona (NUP)

Zerk ordeztuko ditu auto arruntak? Zein epetan? Zer ondorio izango ditu aldaketa horrek Nafarroan instalatuta dauden sektore horretako fabrikanteentzako, hornitzaileentzako eta muntatzaileentzako? Hauxek dira atzo “Aukerak ibilgailu iraunkorraren inguruko balio-katean” jardunaldian aztertu ziren gaietako batzuk. Jardunaldia Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu zuen Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroarekin lankidetzan (CEIN). Hirurogeita hamar pertsona bildu ziren bertan, gehienak enpresetako eta erakundeetako zuzendaritzakoak eta arduradunak, automozioaren klusterrarekin, zentro teknologikoekin eta energia berriztagarriekin lotutakoak.

Jardunaldian Industria Ministerioaren eta NUPen arteko Hitzarmenaren esparruan egindako lanen emaitzak aurkeztu dira, Nafarroan automozioaren sektorea garatzeko eta sustatzeko. Zehazki, ibilgailu iraunkorrarekin eta beraren inguruko negozio eta garapen teknologikorako aukerei begira ateratako ondorioak azaldu ziren atzo.

Cristina Bayona Ikerketako Errektoreordetzako Jakintza Bestetaratzeko Arloko zuzendariak aurkeztu zituen ekitaldia eta hizlariak. Hizlari bakoitzak ordu erdi izan zuen bere lana azaltzeko.

Errekuntza motorretik motor elektrikora

Ricardo Aláez-Aller NUPeko Ekonomia Aplikatuko irakasleak ikuspegi orokorra eskaini zuen ibilgailu iraunkorraren gaurko egoerari buruz eta merkatuaren joerari buruz. Esan zuenez “saihestezina ematen du gaur egungo ibilgailuak barne errekuntzako motorrekin ordeztea”, nahiz eta oraindik ere urte batzuetan merkatuan nagusi izango diren. “Era berean, ibilgailu hibridoak sartuz joango dira, bai entxufatu ezin diren gaur egungo modeloak (bi motor dituztenak: elektrikoa eta errekuntzakoa), bai entxufatu ahal direnak eta range extenders deitutakoak”.

Bere analisiaren arabera, ibilgailu hibridoak sartzeak litio-ioi baterien garapen azkarragoa ahalbidetuko du, horiexek baitira ibilgailu elektrikoek behar dituztenak, bateria paketeetan oinarritzen direnak. “Bateria da ibilgailu erabat elektrikoa garatzeko funtsezko osagai estrategikoa, eta horrexek mantsotzen du bere sarrera merkatuan, osagai garestia delako”, azaldu zuen. Ibilgailu hibridoez eta elektrikoez gain badira beste bi aukera auto arruntak ordezteko, hala ere, epe luzeagorako alternatiba gisa planteatzen dira: hidrogeno erregaia erabiltzen duen piladun ibilgailuak eta hidrogenoz dabiltzan barne errekuntzako motorra duten ibilgailuak.

Aláez-Allez-ek azaldu zituen aukera hauetako bakoitzak nola eragingo lieken Nafarroan instalatutako hornitzaileei, zeren modelo bat edo bestea sartzeak osagaien aldaketa, osagai batzuk beztertzea (esaterako, eskape sistema eta erregaia, bateriadun ibilgailu elektrikoetan) edo elektronikako kontrol unitateen garapen handiagoa. “Ibilgailu hibrido eta elektrikoarekin azkartuko den garapen eremu handia dago elektronikan eta komunikazioetan, eta epe ertain eta luzera, balazta, gidagailu eta suspentsio sistemak, seguruenik elektrifikatuz garatuko dira”, adierazi zuen.

Azkenik, produktu hauen lokalizazioaz, ekoizpenaz eta garapenaz mintzatu zen: “Prototipoak, ikerketa eta garapena jatorrizko herrialdean kokatutako unitateetan egiten da, baina hibridoen masa-produkzioa, seguruenik modelo arrunta muntatzen den plantetan egingo da, hibridoak dakarren aldaketa propultsio elektrikorako osagaiak gehitzea delako”. Ibilgailu elektrikoen kasua ezberdina da “edozein plantatan muntatu ahal delako, nahiz eta jatorrizko herrialdean egingo dela esaten den, enpresen I+Gtik hurbilago daudelako”.

Nafarroaren egoera eta etorkizunerako aukerak

Carlos Castellano NUPeko Jerónimo de Ayanz I+G Zentroko zuzendariak, ibilgailu iraunkorrari dagokionez, ikerketa eta garapenean Nafarroako gaur egungo egoera azaldu zuen. Izan ere, NUPek automozioarekin lotutako 12 proiektutan jarduten du, Nafarroako Unibertsitateak aldiz, batean, eta Nafarroan diren zentro teknologikoetako bostek (AIN, CENER, CITEAN, IDAB eta L’UREDERRA) 22 proiektu dituzte abian sektore honekin zuzenean edo zeharka lotutakoak. 35 proiektu hauetan 51 enpresak ere (nafarrak eta kanpokoak), 11 unibertsitatek eta kanpoko 11 zentro teknologikok parte hartzen dute.

Ikerketa honetarako, proiektuen lau multzo handi ezarri ziren, lantzen dituzten I+G+B lerroen arabera: bioerregaiak, hidrogenoa, auto elektrikoa eta ibilgailu adimenduna, eta Carlos Castellanok azterketa xehea egin zuen haietako bakoitzak dituen ahuleziei, mehatxuei, indarrei eta aukerei buruz.

Bestalde, Elba Bienzobas Infocenterekoak honako lan hau azaldu zuen: “Nafarroan ibilgailu elektrikoaren aukerak identifikatzea: ekoizpena eta erabilera”, ikerketa estrategikoan aditua den erakunde honek egina. Izan ere, Infocenterrek aztertu zuen zer egiten ari den munduan ibilgailu elektrikoaren inguruan eta hiru praktika egoki hautatu zituen: Better place, ibilgailu elektrikoaren bateriak enpresari alokatzeko aukera planteatzen duen proiektua; EV Project (AEB), industriako bazkideen multzo bat biltzen duena eta modeloaren aurrerapenari buruzko argibideak ematen dituena; eta EV Delivery (Londres), ibilgailu elektrikoa sustatzeko lanetan nabarmentzen dena, eskariaren sustapenean eta azken erabiltzailearekin jarduteko moduan.

Azterlanean, gainera, ikusi da zer egiten den gaur egun Espainian, non Bartzelona, Valentzia eta Euskal Autonomia Erkidegoa nabarmentzen baitira, eta ibilgailu elektrikoa Nafarroan nola ezarri beharko litzatekeen azaltzen duen eredu bat egin du.

Laburbilduz, jarraitu beharko liratekeen jardunen lerroak, haietako bakoitzean inplikatutako eragileak eta ibilgailu elektrikoaren ezarpenak sorrarazten dituen aukerak eta ondorioak aipatzen dira lanean. Horrela, Elba Bienzobas, besteak beste, honako hauez mintzatu zen: energia sortzeko eta banatzeko sistemak, kargarako azpiegitura (bateriak kargatzeko eta trukatzeko guneak), ibilgailuen fabrikazioa, eskariaren estimulua (pizgarriak autoak erosteko, kargarako azpiegiturak sortzeko, etab.), eta komunikazioa eta herritarren sentsibilizazioa.