Gobernu Kontseiluak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren III. Plan Estrategikoaren 1. fasea 2010-13 onetsi du gaur, asteartea, martxoak 16. Dokumentu honetan jasoko dira erakundeak hurrengo laurtekorako dituen erronka, lehentasun eta helburuak. Dokumentu honek II. Plan Estrategikoa 2005-2008 eta 2009ko luzapena ordezkatuko ditu, eta Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluari igorriko zaio orain. Gobernu Kontseiluarekin batera koordinatu du organo horrek plana, NUPeko Estatutuek ezarri bezala.
Planaren lehen fase honetan, jarduteko hiru ardatz estrategiko nagusi bereizten dira, zeinetan Unibertsitatearen abiapuntuko egoera analizatzen baita. Hiru ardatz horiek dira prestakuntza, ikerkuntza eta transferentzia, eta zabalpena.
Dokumentuak adierazten du Nafarroako Unibertsitate Publikoak gizartearen aurrerapenari ekarpenak egin behar dizkiola jakintza sortu eta eskualdatuz eta kultura sustatuz pertsonaren prestakuntza osoa lortzeko. Modu honetan, lagungarri izango da ikasleen prestakuntza osoa erdiesteko, ikerketa sustatuko du eta erreferentziazko agentea izango da Nafarroako berrikuntza sistemaren barnean; espezializazioa bilatuko du nortasun ikur gisa unibertsitatearen arloan; gizarte erantzukizuneko irizpideak aplikatuko ditu gizartearekin konpromisoa duen unibertsitate gisa; eta bizitza profesionalak hobeki garatzea ahalbidetuko duen lan ingurunea sortuko du.
Prestakuntza eta kalitatea
Prestakuntzaren ardatz estrategikoari dagokionez, Unibertsitateak bere ikasketak Europako Unibertsitate Eremuari egokitzeko jarduerak nabarmentzen ditu planaren lehen faseak. Egokitze prozesu hau 2010-2011 ikasturtean amaituko da, eta harekin batera Tituluen Kalitatearen Berme Sistema bat ezarri da eskaini nahi diren tituluen kalitatea eta hobekuntza bermatzeko.
Arlo honetan abiaraziko den hurrengo proiektua Unibertsitatearen kalitatea kudeatzeko sistema oso bat da. ANECAren AUDIT Programaren bidez egingo da, eta irakaskuntzarekin eta kudeaketarekin loturiko jarduerak egongo dira barnean. Atal honetan bertan sartzen da Ikastegietako Kalitatearen Berme Zentroak egonkortzea. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuen emaitzak analizatu eta haiek hobetzeko jarduerak proposatuko dituzte.
Ardatz honen barnean dauden eta NUPek abiarazi dituen beste programa batzuk dira Ikasgelategi Birtuala, Tutoretza Plana, G-9 Taldearen Ikasgelategi Birtual Partekatua edo tituludunen asebetetzeari eta tituludunen laneratzeari buruzko inkestak. Programa horiek eztabaida-taldeekin zabaldu nahi dira, zeinetan enplegu-emaileek ere parte hartuko baitute.
Ikerketa gizarteari bestetaratzea
Aurreko plana 2009ra luzatzea da ikerketa eta transferentziaren ardatz estrategikoaren abiapuntua. Plan hartan definitu zen ikerketa-taldeak sustapen eta lehia planen bidez finantzatzeko politika. Halaber, Unibertsitatearen parte-hartzea Europako ikerketa proiektuetan % 36 areagotu da, ikertzaileari eskainitako zerbitzu osoa egonkortu du, IKTen Hiria abiarazteko hitzarmena sinatu du, ikerkuntzari lagundu dio eta ikerkuntza hori babesteko egiturak garatu ditu Agrobioteknologia Institutuaren eta Jerónimo de Ayanz Elektronika eta Komunikazioetako I+G zentroaren bidez.
Unibertsitatearen etorkizuneko estrategiaren gakoa honetan datza: gizarteari ikerketa emaitzak hobeki bestetaratzea hala ikerketari esker eratutako enpresak sortuz nola era horretako jardueren zabalkunde eta sustapena behar bezala sustatuz.
Dokumentuak NUPeko ikerkuntza jarduera Unibertsitatearen Estrategia 2015 izenekoaren barnean kokatzen du, zeina Espainiako Gobernuak onetsi baitzuen, eta plan estrategikoari eragingo dioten plan eta arautegi batzuk abiarazi baititu. Ildo honetan, aipatzekoak dira Zientzia eta Teknologia Lege berria, Irakasle eta Ikertzaileen Estatutua edo Nazioarteko Bikaintasun Campusa.
Ikerkuntzako ardatz estrategikoak kontuan hartzen du, halaber, Nafarroako Gobernuak sustatutako Ekonomia Garapenari buruzko Eredua Moderna Planaren bidez, zeinak bioteknologia medikoarekin, tresna medikoekin edo mekatronikarekin lotutako ikerketa lerroak sustatzearen aldeko apustua egin baitu, bai eta egungo automozioaren, osasun zerbitzuen edo eraikuntzaren arloko klusterrak berriz asmatu eta efizienteagoak egitearen aldeko apustua ere.
Unibertsitate zabalpena
Azkenik, III. Plan Estrategikoaren 1. faseak unibertsitate zabalpenaren ardatz estrategikoari egiten dio aipamena, hain zuzen bere jarduerak garatzeko giltzarria denari. Ardatz estrategiko honetan, Unibertsitate-Gizarte Fundazioa garrantzi handikoa da. Ikasle eta tituludunentzako praktika programak eta etengabeko prestakuntzako ikastaroak garatzen ditu, eta lan merkatuan sartzeko aukera ematen du. Gizartean jakintza eta kultura zabaltzearekin eta bizitza osoko prestakuntzarekin lotutako Unibertsitatearen beste programa batzuk dira honako hauek : Esperientziaren Gela, Titulu Berekiak, Adiskide eta Ikasle Ohien programa, kultura eta kirol jarduerak, bai eta Gizarte Ekintzarako Unitateak abiarazitako planak ere (Unibertsitate Osasungarriaren aldeko Plana).