Nafarroako Unibertsitate Publikoak “Aukerak ibilgailu iraunkorraren inguruko balio-katean” jardunaldia egingo du datorren asteazkenean, hilaren 17an, 17:30ean, Jerónimo de Ayanz I+G zentroan. Saioa CEINen lankidetzarekin antolatu da eta bertan aurkeztuko dira Nafarroan automoziaren sektorea garatzeko egin diren lan batzuen emaitzak.
Hain zuzen, jardunaldian aurkeztuko dira Industria Ministerioaren eta NUPen arteko hitzarmenaren esparruan egindako lanen emaitzak. Lanen helburua da Nafarroan automozioaren sektorea garatzea, ibilgailu iraunkorrarekin eta beraren inguruko negozio eta garapen teknologikorako aukerei begira.
Saioaren iraupena ordu eta erdikoa izango da, eta hiru parte-hartzetan egituratu da, hainbat alderdi aztertzeko. Ondoko hauei zuzentzen zaie: enpresetako zuzendaritzakoak eta arduradunak, eragileak eta erakundeak, Nafarroako Automoziaren Klusterrarekin lotuak, energia berriztagarrien sektorekoak, zentro teknologikoak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiakoak.
Ricardo Aláez-Aller NUPeko ekonomia aplikatuko irakasleak emango dio hasiera saioari ondoko gaiarekin: “Barne errekuntzako motorretik motor elektrikora?: denbora ikuspegia eta ondorioak Nafarroako automozioaren sektoreko hornitzaileentzat”. Hortik ordu erdi batera, 18:00etan, hitza hartuko du Carlos Castellano Jerónimo de Ayanz I+G zentroko zuzendariak, ondoko hau azaltzeko: “Gaur egungo egoera I+Gn, ibilgailu iraunkorrari dagokionez”. Azkenik, Ramón Archanco, Infocenterkoa, arituko da, ondoko gaiari buruz: “Nafarroan ibilgailu elektrikoaren aukerak identifikatzea: ekoizpena eta erabilera”.