Joan eduki nagusira

zoom Txerto berrietako proteina fluoreszentea ikusten da irudian

Txerto berrietako proteina fluoreszentea ikusten da irudian

Agrobioteknologia Institutuko ikertzaile talde bat —Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, CSICen eta Nafarroako Gobernuaren arteko zentro mistoa—, Unibertsitate Nazionaleko eta Costa Ricako Unibertsitateko ikertzaileekin batera, animalia bruzelosiaren aurkako txerto berriak garatzen ari dira. Txerto horiek gaixotasun horren aurka txertatu dituzten animaliak identifikatzea ahalbide lezakete.

Zehazki, María Jesús Grilló Dolset medikuak zuzendutako ikerketa-taldea, Agrobioteknologia Institutuko Animalien Osasunbideko taldekoa, txerto bizi berriak garatzen ari da, betiko txertoen ezaugarri berekoak, baina genetikoki aldatuak GFP (S19-GFP eta Rev1-GFP) proteina berde fluoreszentea erakusteko, eta txertoekin lotutako diagnostikoa egiteko metodoak, txertatutako animaliak Brucella landa-anduiek kutsatutako infekzioak dituztenetatik bereizteko.

María Jesús Grilló medikuak adierazi duenez, abeltzaintzan erabiltzen diren eta mikroorganismo bizidun motelduetan oinarritzen diren txerto arruntek duten ohiko arazoetako bat da infekzioa duten animaliek dituzten antigorputz berdinak garatzen dituztela txertatutako animaliek. Izan ere, bai txertatutako animaliak eta bai infekzioa dutenak patogenoaren ondorioak jasateko arriskua dute. “Hortik eratortzen den arazoa garrantzi handikoa da —azaldu du—: infekzioa badago, ezinezkoa da bereiztea, analisi serologiko baten bidez, txertatutako animaliak landa-anduien infekzioa duten animalietatik. Hain zuzen, hori da txertatze orokorra modu prebentiboan ez egiteko oztopoetako bat, baina ez bakarra, gainera infekzio-agerraldiak garaiz aurkitzea oztopatzen baitu. Horregatik da garrantzizkoa garatzea infekzioa duen animalia bat txertatutako beste animalia batetik bereiziko duten txertoak”.

Bruzelosiak animalia espezie askori eta gizakiari eragiten die, eta hausnarkariak dira gizakiaren infekzio iturri nagusia (behi, ardi eta ahuntz azienda). Giza bruzelosia, “Maltako sukarra” izenez ezaguna, zoonosi aipagarrienetariko bat da mundu osoko herrialde askotan, bereziki garapen bidean dauden herrialdeetan. Infekzioa duten animaliak ukituz kutsa daiteke edo kutsatutako elikagaien bidez, esate baterako pasteurizatu gabeko gazta edo esnearen bidez. Ez dago txerto fidagarririk gizakiarentzat, gaixotasun honi aurre egiteko, eta tratamenturako antibiotiko dosi handiak konbinatzen dira, eta epe luzetan, zeinetan ohikoa baita berriz gaixotzea. Hori dela eta, giza bruzelosiaren prebentziorako, ezinbestekoa da infekzioa kontrolatzea behi, ardi eta ahuntzetan.

Orain arte, B. abortus S19 (behi aziendarentzat) eta B. melitensis Rev1 (ardi eta ahuntz aziendarentzat) dira animalia bruzelosia kontrolatu eta desagerrarazteko txerto bizi moteldu eraginkorrenak. Alabaina, infekzioaren diagnostikoari traba egiten diote.

Markagailu fluoreszentea

zoom Agrobioteknologia Institutuko Animalien Osasunbideko ikerketa taldea María Jesús Grillórekin (zutik, bosgarrena ezkerretik eskuinera)

Agrobioteknologia Institutuko Animalien Osasunbideko ikerketa taldea María Jesús Grillórekin (zutik, bosgarrena ezkerretik eskuinera)

Orain arte egindako ikerketek erakusten dutenez, GFP proteinaren adierazpenak (Aequorea victoria medusatik eratortzen denak) ez ditu aldatzen Brucellaren ohiko txertoen ezaugarri biologikoak, argiztatze ultramorearen bidez edo fluoreszentzia mikroskopiaren bidez txerto bakterioak zuzenean identifikatzea ahalbidetzen du eta txertatutako animalietan GFPen aurkako erantzun serologiko espezifikoa eragiten du, zeina oso erraz desberdintzen baita Brucellak edo beste edozein mikroorganismok eragindakotik. Gainera, ikertzaileek bi diagnostiko test diseinatu dituzte txerto berrien osagarri: txerto berriekin inmunizatutako animalien serumean GFPen aurkako antigorputzak aurkitu eta zenbatzea ahalbidetzen duen test serologiko bat —Brucellaren andui birulentoek kutsatutakoetatik bereiziz, zeinak gizakiarentzat infekzio-iturri izan bailitezke— eta molekula diagnostikorako metodo bat txerto bakterio berriak zalantzarik gabe identifikatzeko.

Azaltzen dutenez, sistema hau erabiltzeak ahalbide dezake “txertatzean oinarritutako animalia bruzelosia kontrolatu eta desagerrarazteko abeltzaintza saneamenduko programak eraginkortasunez aplikatzea”. Metodo berriak, alde batetik, animalia bruzelosiaren aurkako inmunizazio eraginkorra lortzen du andui motelduen bidez, zeinek S19 eta Rev1 ohiko txertoen ezaugarri biologiko berak eta markagailu genetiko eta antigeniko bat (GFP proteina) baitituzte, eta, beste aldetik, bai S19-GFP eta Rev1-GFP txerto andui berriak eta bai txerto horiek jaso dituzten animaliak identifikatzen ditu.