Nafarroako Unibertsitate Publikoak kanpaina bat abiatu du heldu den 2010-11 ikasturtetik aurrera emateko asmoa duen Europako Unibertsitate Eremura egokitutako titulazio berrien (graduak eta graduondokoak) berri emateko. Kanpainaren xedea da bihar edo etziko ikasleei, beren familiei eta Nafarroako gizarteari orokorrean ezagutzera ematea NUPen titulazio hauen ezarpenarekin gertatuko diren aldaketak, bai izendapenari edo irakaskuntza metodologiari, bai irakaskuntza egutegiari dagokienez. Ahalegin hau hainbat ekintzatan gauzatuko da, esaterako, informazio material berria editatuko da, inprimatua zein ikus-entzunezkoa, publizitate-kanpaina bat, espazio espezifikoak sortuko dira NUPeko webean ((www.unavarra.es) eta profilak zabalduko dira gizarte sareetan (Facebook eta Twitter). Ekintza hauek abian jartzea bat dator denboran Iruñeko eta Tuterako campusetan Ateak Zabaltzeko hiru egunekin, eta Iruñean martxoa den hilabete honetan ikasleei eta prestakuntzari buruz garatuko diren bi erakusketetan Unibertsitatea egotearekin.
Kanpaina gaur aurkeztu da prentsaurreko batean; bertan izan da Jesús María Pintor Borobia Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaskuntzako errektoreordea eta heldu den 2010-11 ikasturterako irakaskuntza eskaintzaren datu nagusiak azaldu ditu. NUPen, guztira, 16 gradu –horietako bi abian dira– eta 23 graduondoko emango direla aurreikusten da.
Nafarroako Unibertsitate Publikoa duela urte batzuk bere irakaskuntza eskaintza Europako Unibertsitate Eremura egokitzeko prozesuan sartuta dago, Europako 47 herrialdetako gaur egungo unibertsitate egiturak bateratzeko, ikasleen eta tituludunen zirkulazio askea errazteko xedez, titulazio eta herrialde ezberdinetako ikasketen artean aitorpen mekanismoak erraztuko baitira. Sartuko diren aldaketen artean daude titulazioen beraien izendapena (gradu, master eta doktoretza), gradu titulazioen denboraren araberako antolamendua lau urtetan (zortzi lauhileko), gaitasunen araberako ikasketak, etengabeko ebaluazioa, hizkuntzen ikasketa edo kanpoko praktikak egitea, hainbat kasutan nahitaezkoak izango direnak.
NUP garai honetan aitzindaria izan da Europako Eremuaren lerro nagusien zabalkundean Foru Erkidegoko ikastetxe publiko eta kontzertatuetan. Orain arte Unibertsitatearen Errektoretza Taldeak 85 hitzaldi eman ditu guztira, eta horietatik berrogei ikasturte honetan izan dira. Prozesuaren azken aldi honetan, eta 2010-11 ikasturterako Gradu titulazioen aurreinskripzioa egiteko hilabete falta dela, apirilaren 19tik 23ra izango baita, kanpaina bat abian jarri da ikasle berriek aurkituko dituzten aldaketak nabarmentzeko asmoarekin.
Izan ere, publizitate-kanpaina bat abian jarri da tokiko komunikabideetan jartzeko, informazio material berria diseinatu da, inprimatua zein ikus-entzunezkoa, eta webean espazio espezifikoa sortu da eskaintza berria azaltzeko. Era berean, profilak zabalduko dira bi gizarte saretan (Facebook eta Twitter). Honako hau da kanpainaren leloa: “Un presente de futuro. Etorkizunez beteriko oraina”.
Ateak Zabaltzeko Eguna eta erakusketetan parte-hartzea
Halaber, NUPek martxo honetan Ateak Zabaltzeko hiru egun antolatu ditu, eta horietako lehenbizikoa joan den larunbatean izan zen Tuterako campusean. Jardun hauek Unibertsitatean sartu nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat prestatzen dira, eta haien gurasoak eta nahi duen jendea ere etor daiteke. Egitarauaren barnean titulazio bakoitzari buruzko orientazio-hitzaldiak emango dira, eta bisita gidatuak egingo dira instalazioetan barna.
Ateak Zabaltzeko bi hurrengo egunak Iruñeko campusean egingo dira martxoaren 13an eta 27an. Larunbat honetan izango den lehen egunean Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien, Zientzia Juridikoen, eta Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateetako graduak aurkeztuko dira. Martxoaren 27rako programatuta dagoen bigarren egunean, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko graduak aurkeztuko dira.
Azkenik, aipatzekoa da era berean Unibertsitatea izango dela martxo honetan Baluarten ikasleen prestakuntzarekin lotuta garatuko diren bi erakusketetan. Ikasleen eta Enpleguaren Nazioarteko Erakusketa bihar inauguratuko da eta ostiralera bitartean luzatuko da, martxoaren 12ra arte, alegia. Bestalde, Prestakuntzaren Europar Erakusketa martxoaren 25ean eta 26an izango da. NUPek bi stand jarrito ditu eta, horietan, heldu den ikasturterako irakaskuntza eskaintza aurkeztuko du eta norbanakoentzako argibideak eskainiko ditu.