Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Brunet Fundazioak 2010eko Jaime Brunet Sariaren deialdia egin du, giza eskubideen defentsa sustatu eta hedatzeko, eta giza duintasunari lotzen zaizkion eskubideen gainetik jartzen diren egoera eta tratu krudelak edo iraingarriak behingoz amai daitezen laguntzeko. Sariak lan zientifikoa, literatura ala ikusentzunezko-lana edo giza eskubideak sustatzera eskainitako ibilbidea saritzen du. Hautagaitzak 2010eko irailaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean, edo, bestela, fundacion.brunet@unavarra.es helbidearen bidez.

Saria ziurtagiri-diploma bat da, bai eta 36.000 euroko diru-kopurua ere, eskudiruan ordainduko dena. Saria pertsona fisikoek, lan taldeek eta erakundeek edo organismoek jaso ahal dute, beraien kondizioa eta nazionalitatea edozein izanik ere. Interesdunek berek edo bestelako pertsona edo erakunde batek eskaturik aurkeztu ahalko dira hautagaitzak, espainieraz, euskaraz, frantsesez edo ingelesez, Unibertsitateko Idazkaritza Nagusian edo http://www1.unavarra.es/conocerlauniversidad/fundacion-jaime-brunet webgunean interesdunei emango zaien eredu ofizialean.

Jaime Brunet Fundazioak izendaturiko epaimahai batek aztertuko ditu proposamenak. Epaimahaia Nafarroako Unibertsitate Publikoan bilduko da. 2010eko Brunet Sariaren erabakia abenduaren 10ean aldarrikatuko da, horixe baita Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren urteurrena ospatzeko eguna.

Hamaika saritu 1998. urteaz geroztik

Saria, 1998an sortua, Brunet Fundazioak ematen du. Erakunde hori Jaime Brunet Romero jaunak sortu zuen, eta haren helburua da giza eskubideak hedatzea, eta beren alde egindako lanarengatik aitorpen hau jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzea. Jaime Brunet jaunak bere ondasun guztia fundazio horri utzi zion, eta haren kudeaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoari egotzi zion, gainerako pertsonalitate batzuekin batera.

Lehen edizioan (1998) saria Amnistia Internacional (Espainiako Atala) erakundeari eman zioten. Pierre Sané Amnesty Internationaleko idazkari nagusiak bildu zuen. Hurrengo urteko saritua Akin Birdal jauna izan zen, Turkian giza eskubideen alde lan egiten duten elkarteen sustatzailea. 2000. urtean Cristina Cuesta Gorostidi euskal bakezaleak jaso zuen, eta 2001. urtean Tenzin Gyatso 14. Dalai Lamak. 2002ko saria Kolonbiako Cecilio de Lora eta Carolina Agudelo erlijiosoei eman zieten. Hurrengo urtean, Tim Modise Hegoafrikako kazetariak jaso zuen. 2004. urtean, garapenerako lankidetzan ari den Manos Unidas GKErentzat izan zen. Giza Eskubideen aldeko 2005eko Jaime Brunet Nazioarteko Saria Mercedes Navarro Rodríguezi eman zioten, 2005eko maiatzaren 29an indarkeriaz hil baitzen Mostar-en (Bosnia-Herzegovina), Medicus Mundi inguru hartan garatzen ari zen hainbat giza laguntza proiektutan logistika lanetan ari zelarik. 2006ko saria El Compromiso fundazioari eman zioten. Aipamen berezia egin zitzaion José María Caballero misiolari xabiertarrari, Sierra Leonako haur-soldaduak babesten egin duen lanagatik. 2007ko deialdiko saritua, hil ondorengo izaeraz, Jon Cortina aita jesulaguna izan zen, El Salvadorreko gerran desagertutako haurrak bilatzeko Pro Búsqueda elkartearen sortzailea. Azken saritua Jürgen Habermas izan da, XX. mendearen azken hereneko pentsalari garrantzitsuenetako bat.