Joan eduki nagusira

zoom Jesús María Pintor eta José Ramón Alfaro errektoreordeak, aurkezpenean

Jesús María Pintor eta José Ramón Alfaro errektoreordeak, aurkezpenean

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Tuterako campusean gaur aurkeztu ditu Europako Unibertsitate Eremura egokitutako graduen eta graduondoen eskaintza berria eta 2010-11 ikasturtetik aurrera ezarriko den irakaskuntza egutegia. Heldu den ikasturtetik aurrera, guztira 16 gradu –horietako bi abian dira- eta 23 graduondo emango direla aurreikusten da NUPen. Gradu berrietako bi Tuterako campusean eman ahalko dira. Izan ere, Fisioterapia Gradua eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza Gradua dira, Fisioterapia Diplomatura eta Industria Ingeniaritza Teknikoa, Diseinu Mekanikoko espezialitatean ordeztuko dituztenak.

Irakaskuntza eredu berriaren ezarpenari eta irakaskuntza egutegiari buruzko datuak Erriberako hiriburuan aurkeztu dira gaur prentsaurreko batean. Bertan izan dira Jesús María Pintor Irakaskuntzako errektoreordea eta José Ramón Alfaro Tuterako campuseko errektoreordea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa duela urte batzuk bere irakaskuntza eskaintza Europako Unibertsitate Eremura egokitzeko prozesuan sartuta dago, Europako 47 herrialdetako gaur egungo unibertsitate egiturak bateratzeko, ikasleen zirkulazio askea errazteko xedez, titulazio eta herrialde ezberdinetako ikasketen artean aitorpen mekanismoak erraztuko baitira. Sartuko diren aldaketen artean daude titulazioen beraien izendapena (gradu, master eta doktoretza), gradu titulazioen denboraren araberako antolamendua lau urtetan (zortzi lauhileko), gaitasunen araberako ikasketak, etengabeko ebaluazioa, hizkuntzen ikasketa edo kanpoko praktikak egitea, hainbat kasutan nahitaezkoak izango direnak.

Espainiako unibertsitateek beren irakaskuntza eskaintza guztia egokitu behar dute 2010eko irailetik aurrera, eta hori urte batzuetan bateragarria izango da orain arte ematen ziren egungo lehen eta bigarren zikloko titulazioekin. Adibidez, NUP heldu den ikasturtean hasiko da Fisioterapia eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza graduak ematen Tuterako campusean, baina gaur egungo ikasketa planek jarraituko dute egungo ikasleek beren karrerak amaitu bitartean.

NUPek ikasturte honetan abian jarri zituen bere titulazio berrietako bi: Haur Hezkuntzako Irakasle Gradua eta Lehen Hezkuntzako Irakasle Gradua. Gainerakoak, 16 arte, 2010-11 ikasturtean ezarriko dira, Tuteran emango direnak barne. Graduen eta masterren eskaintza osoa www.unavarra.es webgunean kontsulta daiteke.

Europako Eremua ezartzeak dakarren beste aldaketa garrantzitsu bat irakaskuntza egutegiari dagokio, eta heldu den ikasturtetik aurrera, aldaketa batzuk sartuko dira. Horien artean, egungo iraileko azterketak kenduko dira, ekainera eta uztailera aurreratuko baitira.NUPeko Gobernu Kontseiluak berriki onetsi du lehen eta bigarren zikloko titulazioetarako, gradu berrietarako eta masterretarako egutegi berria. Graduko eta lehen eta bigarren zikloko titulazioetarako eskolak irailaren 3tik 6ra bitartean hasiko dira; aldiz, masterrekoak, urrian hasiko dira.

Ateak Zabaltzeko Eguna Tuteran

Tuterako campusean larunbat honetan, martxoaren 6an, egingo da Nafarroako Unibertsitate Publikoak hiru egunez antolatutako Ateak Zabaltzeko lehen Eguna. Jardun hauek Unibertsitatean sartu nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat prestatzen dira, eta haien gurasoak eta nahi duen jendea ere etor daiteke. Egitarauaren barnean titulazio bakoitzari buruzko orientazio-hitzaldiak emango dira, eta bisita gidatuak egingo dira instalazioetan barna.

Tuterako Ateak Zabaltzeko Egunaren egitaraua Fisioterapia Graduari buruzko hitzaldi batekin hasiko da 11:00etan Ekitaldi Aretoan eta hantxe izango dira José Ramón Alfaro Tuterako campuserako errektoreordea, eta Ana Insausti Osasun Ikasketen Eskolako zuzendariordea. Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza Gradua aurkezteko hitzaldia bertan izango da ordu bat geroago eta bertan izango dira Pilar Gil Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskolako zuzendariordea eta José Ramón Alfaro. Orientazio-hitzaldiak amaitzen direnean, instalazioak, lantegiak eta laborategiak bisitatuko dira.

Ateak Zabaltzeko hurrengo egunak Iruñean egingo dira martxoaren 13an eta 27an. Lehen egunean Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien, Zientzia Juridikoen, eta Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateetako graduak aurkeztuko dira. Martxoaren 27rako programatuta dagoen bigarren egunean, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko graduak aurkeztuko dira.