250 lagun baino gehiagok parte hartu zuten atzo, asteazkena, otsailak 24, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campuseko ebakuazio simulakroan. Kimikako laborategi batean eztanda simulatu zen larrialdi jarduera honetan, Tuterako larrialdietako hainbat dispositiboren laguntza izan zen. Unibertsitateko kideak eraikinetik kanporarazi zituzten eta honako larrialdietako operatibo hauek bertaratu ziren campusera: suhiltzaileak, Babes Zibila, Foruzaingoa, Tuterako Udaltzaingoa, Gurutze Gorria, Polizia Nazionala eta Guardia Zibila. Aparkalekuan aire zabaleko ospitale bat jarri zen eta bertan simulatutako zauritu talde bat artatu zuten.
Ariketa praktiko honekin bukatu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako campusean eman den larrialdietako eta lehen sorospenetako ikastaroa. Ikastaro honetan izena eman duten berrogeita hamar ikasleek ikasitakoarekin lotutako zereginak egin zituzten eta campusera laguntza ematera bertaratu zirenei lagundu zieten.
Ikastaroa unibertsitateko kide guztiei zuzendua zegoen (ikasleak, irakasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak) eta haren helburua zen parte-hartzaileak gaitzea larrialdietako hasierako esku-hartzea egiteko, bai lehen sorospenetan, eta bai suteetan edo eraikinak hustutzen ere.
Jarduera honek hiru modulu zituen. Lehenengoa larrialdiei buruzko oinarrizko ideietan oinarritu zen, eta Tomás Ballesteros Ingeniaritzako Adierazpen Grafikoaren Arloko irakasle elkartuak eta Nafarroako suhiltzaileek eman zuten. Zehazki, suteak aurrekusi eta itzaltzeari, gai kimikoak identifikatzeari eta larrialdietako ekipoak antolatzeari buruzko ezagutzak eskaini ziren. Hori guztia osatzeko, suteak itzaltzeko praktikak egin ziren.
Bigarren moduluaren helburua zen parte-hartzaileek lehen sorospenei buruzko ezagutzak eskuratzea. Zati hau José Ignacio Niubo Fisioterapia Arloko irakasle elkartuak eman zuen Tuterako Babes Zibileko langileen lankidetzarekin. Kasu honetan, soroslearen oinarrizko arauen eta oinarrizko bizi-euskarriari buruzko historia laburraren berri eman zitzaien ikasleei, eta praktikak egin zituzten panpina simulatuekin edo larrialdietako materialarekin.
Irakasle, administrazio eta zerbitzuetako langile eta ikasleek parte hartu dute ikastaro honetan, eta ikasleek hautaketa libreko kreditu bana lortu dute.