Ehundik gora pertsonak parte hartuko dute bihar, asteazkena, otsailak 24, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako campusean egin den larrialdietako eta lehen sorospenetako ikastaroaren azken jarduera praktikoan. Larrialdi jarduera bat izango da, zeinean eztanda bat simulatuko baita laborategi batean. Ikastaro honetan izena eman duten berrogeita hamar ikasleek ikastaroarekin eskuratutako ezagutzekin lotura duten zereginak egin beharko dituzte. Simulakro honetan parte hartuko dute, halaber, larrialdietako operatibo ezberdinek; esaterako, suhiltzaileak, Babes Zibila, Foruzaingoa, Tuterako Udaltzaingoa, Gurutze Gorria, Polizia Nazionala eta Guardia Zibila. Horretaz gainera, aire zabaleko ospitale bat jarriko da.
Amaitzear den ikastaroa unibertsitateko komunitateko kide guztiei zuzendua zegoen (ikasleak, irakasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak) eta haren helburua zen parte-hartzaileak gaitzea larrialdietako hasierako esku-hartzea egiteko, bai lehen sorospenetan, eta bai suteetan edo eraikinak hustutzen ere.
Jarduera honek hiru modulu zituen. Lehenengoa larrialdiei buruzko oinarrizko ideietan oinarritu zen, eta Tomás Ballesteros Ingeniaritzako Adierazpen Grafikoaren Arloko irakasle elkartuak eta Nafarroako suhiltzaileek eman zuten. Zehazki, suteak aurrekusi eta itzaltzeari, gai kimikoak identifikatzeari eta larrialdietako ekipoak antolatzeari buruzko ezagutzak eskaini ziren. Hori guztia osatzeko, suteak itzaltzeko praktikak egin ziren.
Bigarren moduluaren helburua zen parte-hartzaileek lehen sorospenei buruzko ezagutzak eskuratzea. Zati hau José Ignacio Niubo Fisioterapia Arloko irakasle elkartuak eman zuen Tuterako Babes Zibileko langileen lankidetzarekin. Kasu honetan, soroslearen oinarrizko arauen eta oinarrizko bizi-euskarriari buruzko historia laburraren berri eman zitzaien ikasleei, eta praktikak egin zituzten panpina simulatuekin edo larrialdietako materialarekin.
Irakasle, administrazio eta zerbitzuetako langile eta ikasleek parte hartu dute ikastaro honetan, eta ikasleek hautaketa libreko kreditu bana lortu dute.