Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak, Tuterako campusean daukan Idazkaritzaren bidez, hedapen zientifikoko hainbat hitzaldi antolatu ditu gai ugariren gainean, bigarren urtez jarraian. Duten hedapen izaeragatik, zabalik daude jende guztiarentzat, bai ikasleentzat bai unibertsitatetik kanpoko jendearentzat. Eguerdiko 12:00etan emango dira unibertsitatearen prentsa aretoan eta beren arloetan adituak diren irakasleek emango dituzte.
Lehenbiziko hitzaldia heldu den asteartean otsailaren 23an emango da eta “Las máquinas que piensan y las fábricas inteligentes” izenburua dauka. Bertan, Ignacio Latorre Biel Mekanika, Energetika eta Materialen Saileko irakasleak azalduko du nola gizakia antzina-antzinatik saiatu den giza adimena imitatzen, entretenitzeko diseinatutako mekanismoen bidez. Hala, makinei azken berrehun urteotan eman zaien aplikazio industrialaren eta Informatikaren garapenaren ondorioz, inguru oso desberdinetan beren kabuz erabakiak hartzeko gai diren sistemak sortu dira. Gaur egun, sistema adimentsuak, zer egiteko gai dira? Nola lortzen da makina batek erabakiak har ditzan? Zein dira etorkizuneko perspektibak? Horiexek dira hitzaldian aztertuko diren gaietako batzuk.
Bigarren hitzaldia, “Diseño medioambiental como herramienta para la sostenibilidad” izenekoa, martxoaren 9an izango da, asteartez, eta Alberto Navajas León Kimika Aplikatuko Saileko irakasleak emango du. Ingurumen diseinua industria berritzaileenetan gero eta gehiago erabiltzen den tresna bat da. Ekoizpen jardueren ingurumen inpaktua gutxitzen saiatzen da kutsadura bere jatorrian murriztuz, ekipoaren edo prozesuaren abiapuntua behar bezala diseinatuta.
Hizlariak azaltzen duenez, enpresek AENOR ziurtagiriaren Ekodiseinu etiketa erdiestean, beren irudia hobetzen dute ingurumena errespetatzen duten produktuak erosteko, gero eta kontzientzia handiagoa duen eta erosteko prest dagoen gizartearen esparruan. Eta ondorioz, beren merkatua zabaltzen dute eta ingurumenaren eremuan gero eta zorrotzagoa den legeria betetzen aurreratu egiten dira.