Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2010eko Sormen Sarietarako deialdia egin du. Sariketa horren xedea da unibertsitate komunitateko jarduera artistiko eta kulturala hainbat eremu artistiko eta kulturaletan sustatzea eta hedatzea. Urte honetako deialdiak sei modalitate hartzen ditu, eta 7.350 euro banatuko dira sarietan. Lanak aurkezteko epea heldu den apirilaren 13an amaitzen da.
Izan ere, sariketak honako modalitate hauek biltzen ditu: poesia gaztelaniaz eta euskaraz, narratiba gaztelaniaz eta euskaraz, argazkigintza eta Campus Music. Sormen Sariak irekita daude Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleentzat, irakasle eta ikertzaileentzat, administrazio eta zerbitzuetako langileentzat, ikasle ohientzako “Alumni” programako kideentzat, eta, halaber, Esperientziaren Gelako, Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiko eta Praktika Juridikoko Eskolako ikasleentzat.
Diziplina bakoitzerako 600 euroko lehen sari bat ezarri da, Campus Music delakorako izan ezik, horretan 900 eurokoa baita. Edonola ere, epaimahaiak, gutxienez ere hiru kide izango dituenak, eman gabe utz dezake lehen sari hori, eta hiru akzesitetan banatu.
Oinarrietan ezartzen da poesia lehiaketako partaideek hiru poesiako multzoa aurkeztu beharko dutela, jatorrizkoa eta argitaratu gabea, eta bakoitza, gutxienez 14 bertso eta gehienez 50 bertsotakoa. Narratiba lehiaketen kasuan ere, testuak jatorrizkoak izan behar dira, eta 5 orrialdetik gorakoak eta 15 orrialdetik beherakoak.
G9 taldeko Musika Maketen lehiaketa
Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordetzak, Sormen Sariak antolatzen dituenak, erabaki du argazki lehiaketaren aurtengo edizioaren gaia pobrezia eta gizarte bazterketa izango dela, Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Europar Urtea ospatzeko. Irudiak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izango dira, kolorez edo, bestela, zuri-beltzez eta, gehienez ere, 30 x 40 cm-ko neurrikoak. Lehiakide bakoitzak hiru argazki aurkezten ahal ditu, gehienez.
Azkenik, Campus Music sailean solistek eta taldeek parte hartzen ahalko dute (aurkezpena egiteko unean, gutxienez kideetatik bat unibertsitate komunitateko kide izan behar da) eta emanaldia, jendearentzako ekitaldi irekian egingo da, apirilaren 22an ikasgelategiko kafetegian. Talde bakoitzaren saioa 15 minutukoa izango da gutxienez eta 30 minutukoa gehienez. Talde irabazlea NUPen ordezkaria izango da G9 Taldeko Musika Maketen Lehiaketan, 2010eko apirilaren bukaeran Gaztela-Mantxan egingo den horretan.
Oinarri guztiak Unibertsitatearen webgunean http://www1.unavarra.es/cultura/premios-a-la-creatividad/bases kontsultatu ahal dira, edo, bestela, Kultura jardueren Bulegoan (Ikasgelategiko 019. ikasgelan) jaso. Lanak aurkezteko tokiak: Unibertsitateko Erregistro Orokorrak, Iruñeko eta Tuterako campusetan, edo Jarduera Kulturalen Bulegoan. Epea apirilaren 13an, asteartean, bukatuko da, 14:30ean.