Joan eduki nagusira

“Estanislao Aranzadi” Praktika Juridikoko Eskolak Hirigintzari buruzko ikastaro orokorra emango du martxoaren 5etik ekainera arte. Ikastaro honen helburua da hirigintzari buruzko sarrera ematea, parte-hartzaileei espezialistek eskainitako diziplina-anitzeko ponentzien bidez. Nafarroako Gobernuaren Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak (NAPI) eta Praktika Juridikoko Eskolak antolatu dute ikastaroa.

Ikastaro honetan parte hartu nahi dutenek inskripzioa egiten ahal dute Praktika Juridikoko Eskolaren egoitzan, Iruñeko Arrosadiko Campuseko Sario eraikinean (2. moduluan, 2. solairuan). Jendearentzako orduak 09:00etatik 13:00etara dira, eta kontsultak egiten ahal dira 948 16 98 14 telefono-zenbakira deituz edo escuela.practica.juridica@unavarra.esu posta elektronikoko helbidera mezua eginez. Ikastaroaren edukia helbide honetan kontsultatzen ahal da: http://www.unavarra.es/organiza/epj.htm

Jarduera hau honako hauei zuzentzen zaie: abokatuak, arkitektoak, arkitekto teknikoak, administrazio publikoetako langileak, karrerako azken ikasmailako ikasleak, eta, oro har, hirigintzari buruzko oinarrizko ideiak bereganatu edo ezagutzak eguneratu nahi dituzten pertsonak. Ikastaroa honako hauek zuzentzen dute: Juan Luis Beltrán Aguirre jauna, Nafarroako arartekoaren aholkularia, eta Rafael Araujo Guardamano jauna, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurralde Plangintza eta Estrategia Ataleko burua.

Hogeitik gora espezialistak emango dute ikastaroa, eta horien artean daude Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak, arkitektoak, abokatuak, hirigintza-aholkulariak eta Foru eta Toki Administrazioko teknikariak. Osotara, 26 txosten programatu dira lau moduluta banatuta. Txosten horietan eduki teorikoko agerpenak kasu praktikoen ebazpenarekin konbinatuko dira. Honako gai hauek aztertuko dira moduluetan: lurralde eta hirigintza antolamenduko tresnak, lurzoruaren erregimena, hirigintzako kudeaketa edo hirigintza-diziplina eta lurzoruaren merkatuan esku-hartzea.

“Estanislao de Aranzadi” Praktika Juridikoko Eskola fundazio bat da, eta haren kide dira Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Iruñeko Abokatuen Elkargo Ofiziala eta Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua. Eskola hau 2003an sortu zuten, Zuzenbidean lizentziadunak prestatu eta laneratzeko helburuarekin, ikastaro, mintegi edo praktika profesionalen bidez.