Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoari esleitu diote Marie Curie ekintzetako bat, Ikerketaren VII. Esparru Programako PEOPLE programan, europar ikertzaileen prestakuntza eta mugikortasuna sustatzeko. Laguntza horiek lehiaketa ireki baten bidez esleitzen dira, eta horretan bikaintasuna ebaluatzen da.

Hain zuzen ere, laguntza Estíbaliz Larrainzar andreari eman zaio. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingurunearen Zientzien Sailean proiektuko lankidea da, eta Esther González Unibertsitateko irakasle andrea du koordinatzailea. Proiektuaren iraupena hiru urtekoa da. Haietako bi Estatu Batuetako Davis Unibertsitatean emango ditu ikertzaileak, eta beste bat Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Laguntza “Characterization of Nod factor receptor LYK3 protein-interaction networks during early symbiotic signaling in Medicago trucatula" (SymBioSignal) izeneko proiektua burutzeko eman da, eta 234.337 eurokoa da. Zenbateko horretan sartuta dago ikertzailearen lansaria, proiektua burutzen ari den denborarako, eta, halaber, zati bat egonaldia egiten duen erakunderako (Davis eta Unibertsitate Publikoa) eta beste zati bat Unibertsitatearentzat, erakunde onuradun gisa, kudeaketarako kostu eta zeharkako gastuengatik.

Hau da lehen aldia Nafarroako Unibertsitate Publikoa esleiduna suertatzen dena mugikortasun laguntza horietan. Laguntzak 2007an ezarri ziren eta balio handikoak dira nazioartean. Gainera, deialdi honetan, Europan aurkeztu diren 598 eskaeretatik, 120 baino ez dira onetsi. Bestetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak aurkeztutako proiektuak eskuratu duen puntuazioa % 86,8 izan da. Ebaluazio lehen fasea gainditzeko gutxieneko puntuazioa % 70 da.

Prestakuntzako ekintzak ikertzaileen lanbide-karrera garatzeko

Emandako laguntza PEOPLE programaren Marie Curie Prestakuntza Ekintzen barruan kokatzen da. Aipatu programaren xedea da ikertzaile adituei, alegia, ikerkuntzan lau urteko esperientzia duten doktoreei, aukerak eskaintzea ikerketarako gaitasunak hobetzeko, gaitasun eta prestigio handiko atzerriko ikerketa taldeetan sartzeko eta haien lanbide-karrera garatzeko.