Joan eduki nagusira

Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) Nafarroako Unibertsitate Publikoko lau gradu berri egiaztatu ditu. Zehazki, Ekonomia, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza, Informatika Ingeniaritza eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako graduak dira.

ANECAk 2009an onetsitako lau graduei batzen zaizkie beste lau gradu hauek. Haietatik bi 2009-2010 ikasturtean abiarazi ziren (Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasle gradu berriak) Beste biri, Zuzenbide Graduari eta Lan Harremanak eta Giza Baliabideak Graduari, Nafarroako Gobernuaren baimena lortzea falta zaie.

Lau gradu horiek onetsita, zortzi gradu daude egiaztatzeko zain eta ANECAri bidali zaizkio. Honako hauek dira: Erizaintza Gradua, Fisioterapia Gradua, Telekomunikazioen Teknologietako Gradua, Mekanika, Elektrizitatea eta Industria Elektronika espezialitateetan, Soziologia Aplikatuko Gradua eta Gizarte Laneko Gradua . Industria Teknologietako Ingeniaritzako Gradua da Unibertsitateen Kontseiluari igorri zaion azkena.

ANECAk eta Unibertsitateen Kontseiluak egiaztatu eta gero, eta ezarritako prozedurarekin bat etorriz, autonomia erkidegoari igorriko zaizkio, eta gero Ministro Kontseiluari, graduak 2010-2011 ikasturtean ezartzeko erabakia onesteko.

Lau gradu berriak

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen dituen titulazioen bilakaera naturala dira onetsitako gradu berriak. Informatikako Ingeniaritza Graduak, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak emango duenak (TIIGMETek), 100 ikaspostu eskainiko ditu, eta Informatikako Ingeniari Teknikoaren lanbiderako gaituko du. Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduari dagokionez, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak 100 ikaspostu eskainiko ditu eta Nekazaritza Ingeniari Teknikoaren lanbiderako gaituko du.

Bestetik, Ekonomia Gradua eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Gradua Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen irakaskuntza-eskaintzaren barnean daude.