Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek eta irakasleek aukera dute, gaurtik aurrera, 30 beka izateko, Erasmus Mundus External Cooperation Window Lot20B ekimenaren bidez. Europako bederatzi unibertsitateri eskaintzen zaizkie graduko, masterreko, doktoretzako eta doktoretza ondoko ikasketak egiteko El Salvador, Guatemala, Honduras, Mexiko eta Nikaraguako unibertsitateetan.
EMUNDUS20 izenarekin ezagutzen den proiektu hori Euskal Herriko Unibertsitateak koordinatzen du. Hezkuntzaren, Ikus-entzunezkoen eta Kulturaren Agentzia Exekutiboak 2009ko azaroan onetsi zuen. EMUNDUS20 horretan, osotara 149 banakako mugikortasun-postu aurreikusten dira, eta Europar Batzordeak finantzatuko ditu guztira 3.142.475 eurorekin.
149 mugikortasun-postuetatik, 117 Mexiko, El Salvador, Guatemala, Honduras eta Nikaraguako onuradunentzat izango dira. Horiek Europan egingo dituzte ikasketak eta Europako 30 unuradunek, berriz, partzuergoan dauden Latinoamerikako unibertsitate batean. Partzuergoan Latinoamerikako 11 unibertsitate daude, eta Europako 9, haien artean NUP.
Mugikortasuna edozein ikasmailatan egiteko diru-laguntzak emango dira: gradu, master, doktoretza eta doktoretza ondoko ikasketak egiten ari direnentzat, eta irakasleentzat. Lehentasuna duten ikasketa arloak honako hauek dira: Nekazaritza Zientziak, Ingeniaritza eta Teknologia, Arkitektura eta Hirigintzako Plangintza, Matematika eta Informatika, Medikuntza Zientziak, Hezkuntza eta irakasleen prestakuntza eta Gizarte Zientziak; hala ere, beste ikasketa arlo batzuetako ikasleei ere eman ahalko zaizkie bekak.
Zenbatekoak, iraupena eta kredituen aitorpena
EMUNDUS20 proiektuak onuradunen bidaia-gastuak eta nahitaezko asegurua ordaintzen ditu; halaber, hilean ondoko zenbatekoak ematen dizkie, mantenu gisa: 1.000 euro Gradua eta Masterra egiten ari direnentzat; 1.500 euro Doktoretza egiten ari direnentzat; 1.800 euro Doktoretza ondokoa egiten ari direnentzat eta 2.500 euro irakasleentzat. Mugikortasunak 1etik 6 hilabetera iraun dezake, eta programan parte hartzeak bermatzen du partzuergoko unibertsitateetan egindako kredituen aitorpena bi unibertsitateen aldetik.
Ekimen honen helburu nagusia da Europar Batasunaren eta beste herrialde batzuen arteko ulermena eta aberastasuna lortzea Unibertsitate arloan, pertsonen, ezagupenen eta gaitasunen trukeak sustatzen dituzten lankidetza-programen bidez. Helburu hori betetzen da Europako eta beste herrialde batzuetako goi mailako hezkuntza erakundeen artean, ikasleei eta irakasleei zuzendutako mugikortasun programak egituratzen dituzten horien artean, partzuergoak sustatuz.
Beka hauei buruzko informazio osagarriak eskuratzeko: Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako Bulegoa (Telefonoa: 0034 94 601 2212, Faxa: 0034 94 601 3590, Helbide elektronikoa: ecwlot20@ehu.es Webgunea: http://www.ehu.es/emundus20/).