Aireportuetan gorputz eskanerrak erabiltzearen gaineko eztabaida bazter utzita, etorkizun itxaropentsua dago irudi kamera horietan erabiltzen den teknologiarako eta eduki ahal dituzten aplikazioetarako. Hala diote NUPeko bi ikerketa-taldetako arduradunek. Talde horiek orain dela hamar urte ari dira lanean terahertzen heinean irudiak harrapatzeko behar den teknologia garatzeko.
Aireportuetan erabiltzen diren gorputz eskanerretako batek, hain zuzen uhin milimetrikoen edo terahertzen erradiazioaren bidez lan egiten du. Mario Sorolla Ayzak dioenez “Terahertzaren erradiazioaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat honako hau dugu: ez da ionizatzailea eta, mikrouhinak bezala, material dielektriko (elektrizitatearen ez eroale) askotan sartu ahal da –ur edukiaren eta lodieraren arabera-, eta era koherentean igorri eta hartu ahal da”. Mario Sorolla Ayza, Seinalearen Teoria eta Komunikazioak arloko katedraduna eta Komunikazioa, Seinaleak eta Mikrouhinak ikerketa-taldeko arduraduna da.
Terahertza (THz), edo 1012 Hz-ko erradiazio elektromagnetikoa, infragorriaren eta mikrouhinaren artean dago. Duela gutxi arte ez zegoen tresneriarik espektroaren geruza hori erregistratzeko. Erronka teknologiko horren mugarri batera 1995ean iritsi zen, terahertzean irudi bat lehenbiziko aldiz harrapatu zenean, hain zuzen ere x izpien lehen irudia hartu zenetik ehun urte betetzen zirenean.
Terahertzen heinean irudiak sortzea oso interesgarri ari da bilakatzen azken urte hauetan, ekartzen dituen abantailengatik. Ramón Gonzalo Garcíak, Seinalearen Teoria eta Komunikazioak arloko irakasle titularra eta Antenen Taldeko kidea denak dioenez, terahertzen erabileran oinarritutako sentsoreen teknologia berriak aukera emango du bereizmen handiagoko irudiak sortzeko bideoaren abiadurarekin, eta eskaintzen dituen berezitasunengatik ikerketa arlo honekiko interesa handitzen ari da, aurkitzen ari diren balizko aplikazioengatik. “Adibidez, irudiak egunez edo gauez sortu ahal izatea, eguraldi onarekin edo ikusgarritasun baldintza txarrak direnean, lainoa, hodeiak, kea, edo are ekaitzak, esate baterako, eta baita arropan zehar ere. Ikusgarritasun gutxiko baldintza horietan, hein ikusgarriko edo azpigorrieneko sentsoreak itsu gelditzen direnean, ikusi ahal izateak iraultza ekar dezake hainbat aplikaziotan eta ikuspegi eta aukera berriak eskaini”, azpimarratzen du.
Teknologia honen aplikazioak
NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektroniko Saileko bi ikerketa-talde terahertzen aplikazioen garapenean ari dira lanean. Unibertsitateak, halaber, laborategiko ekipamendua dauka, nazioko eta nazioarteko erreferente bihurtu dena. Bertan garatzen diren ikerketa lerroetan terahertzen teknologiaren alderdi guztiak sartzen dira, osagai elektronikoen diseinu eta fabrikaziotik hasi eta irudi kameren edo radar sistemen diseinuraino. “Lan honek guztiak garapen teknologikoa sortarazi du Nafarroan hainbat eremutan, orain arte ezagutzen ez zena, eta Espainiako zein Europako erreferente bihurtu gaitu terahertzen gailu pasiboen eta aktiboen garapenean eta kameren garapenean, segurtasunaren, medikuntzaren, farmaziaren, nekazaritzaren, elikaduraren eta automozioaren arloetan aplikatzeko” dio Mario Sorollak.
Irudi kamera horien aplikazio batzuek etorkizun itxaropentsua dute Medikuntzan: azal tumoreak antzematea, hortz ikuskapenak, eta abar; Ingurumena: kutsadura antzematea; Segurtasuna: substantzia kaltegarriak antzematea lehergaiak, arma biologikoak, su-armak portu eta aireportuetan, kostaldeak eta inmigrazioa kontrolatzea; Mahastizaintza: hostoen ur edukia antzematea, kortxoetako pitzadurak antzematea, eta abar; Nekazaritzako elikagaien industria: produktuen lehorketa kontrolatzea, elikagaien industriako ekoizpen kateetan eta kontrol prozesuan nahi gabeko substantziak (patogenoak, metalak, plastikoak, hezetasuna) antzematea; Farmazia industria: konposatuak identifikatzea eta tableten akabera; eta Erdieroaleen industria: kalitate kontrola produktuen suntsipenarik gabeko ikuskapenaren bidez.
NUPeko ikertzaileak orain garatzen ari diren proiektuak, besteak beste, ondoko hauek dira: Europako Espazio Agentziaren proiektu batzuk, terohertzen irudi sistemak garatzeko, aplikazio berezietarako; segurtasun kamerak garazteko proiektuak, armak eta lehergaiak antzemateko eta materialak ezaugarritzeko, Alfa Imaging enpresarekin eta Defentsa Ministerioarekin (ikusi erantsitako irudia); THz sentsoreak garatzea biologiaren elikagaien eta mahastizaintzaren sektoreetarako; CENIT proiektu bat lehergaiak terahertzen bitartean antzemateko eta THz detektagailuak eta sentsoreak garatzeko, eta metamaterialei buruzko CONSOLIDER proiektua, NUPen burutzarekin metamaterial plasmonikoen lanean (THz eta optika) eta THz irudien kameren ikerketan.
Azkenik, aazpimarratu behar da Antenas Taldea, EuroInnova Navarra ekimenaren barnean, lehen urratsak ematen ari dela THz sentsoreak garatzeko, elikagaien sektorean substantzia biologikoak, hezetasuna eta gorputz arrotzak antzemateko. Proiektu horrek enpresa batzuen lankidetza aktiboa du, besteak beste ondoko hauena: Goikoa, Pamplonica, Argal, Simens-Senco, dRaiz eta CNTA. Halaber, Komunikazio Optikoak eta Komunikazioa, Seinaleak eta Mikrouhinak taldeetako ikertzaileek oinarri teknologikoa duen “Tafco Metawireless, S.L.” enpresa bultzatu dute. Enpresa horrek Ideactiva 2009 saria jaso du eta bere negozio lerroetan terahertzen aplikazioak sartzen dira.