Zahara egile-abeslariak irekiko du hurrengo otsailaren 11n Nafarroako Unibertsitate Publikoaren “NUP kontzertuan” zikloaren barnean aurreikusitako ekitaldi programa. Osotara, lau kontzertu antolatu dira, zeinetan, Zahara egile-abeslariaz gainera, Second, Gertrudis eta Tokio Sex Destruction taldeek joko baitute. Campus Music lehiaketa dela-eta apirilaren 15erako aurreikusitako kontzertuarekin osatzen da programa.
Jende gazteari zuzendutako eta formatu txikiko musika modernoari buruzko musika zikloa da “NUP kontzertuan”, eta bai unibertsitateko ikasleek eta bai nafar gizartearen gainerako kideek parte har dezakete. Emanaldiak 19:00etan hasten dira beti Ikasgelategiko kafetegian eta sarrera doan da, aretoa bete arte. Horretaz gainera, Unibertsitatea ziklo honetaz baliatzen da ikasleen artean sortutako taldeak sustatzeko, zeinak hasierako taldea izango baitira kontzertu bakoitzean.
Espainian azken urte hauetan folk arloan sortu den egile-abeslarien belaunaldi berri batekoa da Zahara, eta haien artean daude, esaterako, Russian Red edo Alondra Bentley. Úbedan (Jaenen) jaio zen, eta hamar urte baino gehiago daramatza abestiak konposatzen. Joan deneko urtean lortu zuen ospea, bere azken diskoko abesti bat Espainiako Txirrindulari Itzuliaren sintonia izan baitzen. Zahararen kontzertua otsailaren 11n egingo da, eta kasu honetan Sin Dirección izango da hasierako taldea.
Gainerako emanaldiak egun hauetan egingo dira: Second taldeak martxoaren 11n emango du kontzertua eta Horthy izango da hasierako taldea. Bestalde, Gertrudisek martxoaren 25ean emango du kontzertua (Sol de Invierno izango da hasierako taldea), eta Tokio Sex Destructionek apirilaren 22an joko du (Out of Noise izango da hasierako taldea). Campus Music lehiaketako emanaldia apirilaren 15ean egingo da.