Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak 2009ko Matematika Olinpiadan

Ikasleak 2009ko Matematika Olinpiadan

Bihar, urtarrilak 15, ostirala, Espainiako XLVI. Matematika Olinpiadaren lehen fasea egingo du Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Matematika Saileko irakasleek antolatu dute, eta Nafarroako ikastetxeetako Batxilergoko ikasleek eta, salbuespen gisa, DBHko ikasleek parte hartuko dute. Bai inskripzioa eta bai proba ere ostiralean, 09:30ean, egingo dira Ikasgelategiko 09. ikasgelan.

Matematika Olinpiadak ikasle gazteen arteko lehiaketak dira. Lehiaketa horien helburu nagusia da Matematikaren azterketa sustatu eta zientzia hartan gazte talentudunak garatzea. Lehiaketak hiru fase ditu (tokikoa edo eskualdekoa, nazionala eta nazioartekoa), hurrenez hurren, geroz eta zailtasun handiagoa dutenak. Ez da eduki behar Matematikako ezagutza berezirik fase guztietako problemetan; aitzitik, bilatzen dena da ikaslea arrazoitzeko gaitasunaz baliatzea haiek ebazteko, alegia, egoera berriei aurre egiteko trebetasunaz, bai eta “ideia zoriontsu” izenez ezagutu ohi den horretatik pixka bat izatea ere.

Bihar NUPen egingo den lehen fase honetan, matematika problema edo asmamen problema batzuk ebatzi behar dituzte ikasleek, eta ondoren Olinpiadaren antolatzaileek ebaluatuko dituzte haien erantzunak. Ezin izango da kalkulagailua erabili proban; bai, ordea, marrazketako tresnak, hala nola erregela eta konpasa.

Sailkapeneko lehenengo hirurek Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren Hezkuntza Sustapenaren eta Beken Azpizuzendaritzaren sari bana jasoko dute eskudirutan (380 euro, 285 euro eta 220 euro hurrenez hurren) eta Unibertsitateko Matematika Sailaren opariak. Horretaz gainera, Fase Nazionalean parte hartzen ahalko dute. Aurten, Valladoliden egingo da martxoaren 25etik 28ra.

Halaber, Fase Nazionalean lehen postuetan sailkatu direnek Espainiako Talde Olinpikoan parte hartzen ahalko dute. Talde horrek 2010eko uztailean Astanan (Kazakhstanen) egingo den Nazioarteko 51. Matematika Olinpiadan parte hartuko du. Irailean Paraguain egingo den Iberoamerikako Matematika Olinpiadan ere parte hartzen ahalko dute.

Datorren urtean, Nafarroan egingo da Espainiako Matematika Olinpiadaren XLVII. edizioaren Fase Nazionala. Gogoan izan behar dugu, joan deneko urtean, fase nazionalean, urrezko, zilarrezko eta brontzezko domina bana lortu zituztela ordezkari nafarrek (Ander Lamaison Vidartek, Juan Díaz Dorronsorok eta José Sebastián Ochotorenak, hurrenez hurren). Horretaz gainera, Ander Lamaisonek brontzezko domina eskuratu zuen bai Nazioarteko Olinpiadan eta bai Iberoamerikako Olinpiadan ere.