Joan eduki nagusira

zoom Márius Rubiralta Unibertsitateetako idazkari nagusia, Julio Lafuente NUPeko errektorearekin bilduta

Márius Rubiralta Unibertsitateetako idazkari nagusia, Julio Lafuente NUPeko errektorearekin bilduta

Màrius Rubiralta i Alcañiz Unibertsitateetako Idazkari Nagusiak Nafarroako Unibertsitate Publikoa bisitatu du gaur. Bertan, lan-bilera izan du erakundearen arduradun gorenekin eta mintegi bat eman du “Nazioarteko Bikaintasun Campusa Estrategia Universidad 2015 planean” gaiari buruz, unibertsitateak Europako hoberenen artean kokatzeko, Hezkuntza Ministerioaren plan nagusietako bat baita.

Testuinguru horretan gogorarazi behar da Ministerioak 65.000 eurora igo diola Nafarroako Unibertsitate Publikoari hasiera batean emandako diru-laguntza Nazioarteko Bikaintasun Campusaren programaren barnean. Programa horretan NUPek kalitate aipamena jaso du “Campus integrala eskualdearekiko eraginarekin eta gizartearekiko eta ingurumenarekiko konpromisoarekin” izeneko proiektuaren izaera estrategikoagatik.

Rubiraltak nabarmendu duenez, NUPeko proiektuarengatik jasotako Aipamenak “adierazten du unibertsitate honetan jardun onak badirela eta jardun on horiek unibertsitate sistema osorako izan behar direla”. Hartara, proiektuaren indar gisa azpimarratu du campus integralaren kontzeptua, bai antolamendu mailan bai nazioartera hedatzeko estrategian; energiaren eta ingurumenaren eremuan egiten den bereizketan eta gure campusak campus eramangarriak, irisgarriak eta osasungarriak bihurtzeko gai izateko ikuspegian. “Kontzeptu honen kalitatetik bikaintasunerantz jardutea unibertsitateak bereizten dituen elementu bat da -adierazi du- zeren etorkizunean, irakaskuntza eta ikerketa kalitate berdinaren aurrean, talentuen erakarmenak beti hautatuko ditu gizarte erantzukizunaren balioa duten inguruak, campus integralarenak, eta hori unibertsitate hau bereizten duen elementu garrantzitsu bat da”.

Unibertsitatean egon den artean, Márius Rubiralta, lehenik eta behin, Julio Lafuente López errektorearekin bildu da eta, geroago, lan-bilera izan du zuzendaritza taldearekin eta NUPeko beste arduradun batzuekin. Gradu Aretoan, eguerdiko 12:30etik 14:30era izan da mintegia, “Nazioarteko Bikaintasun Campusa, Estrategia Universidad 2015 planean” gaiari buruz. NUPeko hainbat arduraduni zuzenduta egon da: zuzendaritza taldea, Gizarte Kontseilua, ikastegaietako zuzendariak eta dekanoak, sailetako zuzendariak, zerbitzu zuzendariak eta arloko zuzendariak.

Unibertsitateetako Idazkari Nagusiak bere azalpenean Hezkuntza Ministerioak planteatutako Estrategia Universidad 2015 planaren helburuak eta bera garatzeko tresnak azaldu ditu. Espainiako Gobernuaren, Autonomia Erkidegoen eta unibertsitateen beraien artean koordinatutako ekimen bat da, espainiar unibertsitateak modernizatzera bideratuta dagoena, prestakuntzan eta ikerketan bikaintasuna sustatuz, unibertsitate sistema nazioartera ekarriz, eta ezagutzan eta berrikuntzaren hobekuntzan oinarritutako aldaketa ekonomikoan inplikatuz.

Rubiralta i Alcañiz Kimika Zientzietan doktorea eta Kimika Organikoko katedraduna da Bartzelonako Unibertsitateko Farmazia Fakultatean. Izan ere, Ikerketako errektoreordea eta errektorea izan zen unibertsitate hartan. Bartzelonako Parke Zientifikoko zuzendari nagusia ere izan da eta, 2008tik 2009ra, Unibertsitateetako Estatuko idazkaria ere bai. 2009an Bolognako Magna Charta Universitatum Behatokiko kide izendatu zuten.

Eskualde garapena

Espainiako unibertsitate publiko gehienek (% 84) plan estrategikoak aurkeztu dituzte Bikaintasun Campusaren Programaren barnean. Pribatuen heren batek ere planak aurkeztu dituzte, nahiz eta deialdiaren diru-laguntzak jasotzeko aukerarik ez izan. Guztiek nahi dute “Nazioarteko Bikaintasun Campus” bihurtu eta, horrela, nazioartean duten errekonozimendua sustatu.
NUPek aurkeztutako proiektuaren alderdi nabarmenetako bat eskualdea garatzeko duen inplikazio sendoa da. Horretarako, eskualdean, administrazio publikoaren laguntzaz gain, Unibertsitatearekin lankidetzan trinko jarduten duten enpresa eta erakunde pribatu asko ere bilatu dira.