Datorren astelehenean, urtarrilak 11, hasiko da ebaluaziorako aldia NUPen aurten Graduko ikasketak hasi dituzten ikasleentzat; bi egun geroago, asteazkenean, hilak 13, gainerako titulazioen azterketak egingo dira. Garai berean bi irakaskuntza-egutegi egotea aldi baterako neurria da, 2010-2011 ikasturtean ikasle guztiek data berean hasiko eta bukatuko baitituzte ikasketak.
Astelehenetik aurrera Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasle gradu berrietako 300 ikasle inguruk ekingo diote ikasturteko lehen seihileko ebaluazio aldiari, urtarrilaren 23an bukatuko den horri. Gainerako ikasleek plan zaharrari jarraituko diote. Hura lehen eta bigarren zikloetan egituratuta dagoenez, horien azterketa aldia urtarrilaren 13tik 30era artekoa izango da.
Bere garaian azaldu zenaren arabera, Europako Unibertsitate Eremura egokitutako ikasketak seihilekotan egituratzen dira, eta ez, irakaskuntza-plan zaharrean bezala, lauhilekotan. Horregatik, Graduko ikasketetan 20 aste daude seihileko bakoitzean. Lehen seihilekoa irailaren 3an hasi eta urtarrilaren 23an bukatzen da, eta egun horretan bukatzen da, halaber, ebaluazio aldia.
Bestetik, plan zaharrean gelditzen diren titulazioak lauhilekotan antolatzen dira, lehen bezala. Lehen lauhilekoa irailaren 21ean hasi eta abenduaren 23an bukatzen da. Tutoretza aldia urtarrilaren 7tik 12ra arte izango da, eta ebaluazio aldia urtarrilaren 13tik 30era arte.