Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitzeko amaierako lehen lanak protokolo bat proposatzen du hezkuntza-sisteman berandu hasten diren ikasleentzat. Claudia Martínez Reinaldosek defendatu du lana.  Proposamenaren xedea da aurrera egitea edozein testuinguru pertsonal, sozial edo kulturaletako pertsonentzat izanen den hezkuntza inklusiboa lortzeko bidean. Lanak ohorezko matrikula lortu du, eta Esperanza Bausela Herreras Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologiako irakasle eta I-COMMUNITAS institutuko ikertzaileak zuzendu du.

zoom Claudia Martínez Reinaldos, NUPen.

Claudia Martínez Reinaldos, NUPen.

Claudia Martínezen lanak abiapuntutzat hartzen du egileak berak eskola-praktiketara joatean egiaztatu duen arazoa, non hezkuntza-sisteman berandu hasitako ikasleekin topo egin baitu (gutxiengo etnikoetakoak edo migratzaile-familietakoak, besteak beste), eta arazo horri irtenbidea eman behar zaio. Protokoloa egiteko, egileak zenbait elkarrizketa eta galdetegi egin dizkie bai ikastetxeko zuzendaritza-taldeari bai familia, ikasle eta irakasleei, hobeto ulertzeko ikastetxeak nola lantzen dituen hezkuntza inklusiboa eta gizarte-bazterketa, bai eta haiek aniztasunarekin eta ekitatearekin duten konpromisoa.

Familiei aholkuak emateko jarraibideak eta ikasleentzako dinamikak

Protokoloak jarraibideak jasotzen ditu ikastetxera ikastetxera datozen familiei orientabideak eta aholkuak emateko (batzuetan, familia horiek kultura- eta hizkuntza-oztopoak dituzte). Horien artean daude zenbait informazio, hala nola ordutegiak, egutegiak, eskatutako eskola-materiala, zerbitzuak, jantokirako eta liburuak eskuratzeko dauden laguntzak, etab., ikasleen hasierako ebaluazioaz gain.

Bestalde, protokoloak dinamika batzuk jasotzen ditu ikasle guztiek eskura ditzaten gizarte eleaniztun eta kulturaniztun batean bete-betean bizitzea ahalbidetuko dieten trebetasun eta jarrerak. Horretarako proposatutako dinamiketako batzuk dira “armiarma-sarea" (ikasleek elkar ezagut dezaten), “paperezko bihotzak" (talde baten aurrean izotzaldia urtzeko) eta "marrazki kolektiboa" (lan artistiko kolektibo baten bidez elkar ezagutzeko). Horien guztien helburua da integrazioa erraztea eta ikasleak harremanetan jartzea.

Protokolo-proposamenak arrakasta izango badu, irakasleak arlo horretan prestatu behar dira, eta egileak Nafarroako, Andaluziako eta Galiziako migratzaileei harrera egiteko protokoloak aztertu ditu bere proposamenerako.