Joan eduki nagusira

2023-2024 ikasturtean, Plaza de la Cruz, Sancho III “El Mayor”, Basoko, Barañain, Ibaialde, Valle del Ebro eta Ribera del Arga BHIek eta Luis Amigó eta Hijas de Jesús ikastetxeek Ikerketako Batxilergoko 14 proiektu abiarazi dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileekin lankidetzan (NUP). Izan ere, Unibertsitateak, proiektuak proposatzeaz gainera, ikasleei behar dituzten aholkuak ematen dizkie proiektuak martxan jar ditzaten. 

Ikerketako Batxilergoetan (Bi+), Batxilergoak irauten duen bi ikasturteetan, ikasleek ikerketa akademiko formal bat egiten dute —idatziz entregatu eta ahoz azaltzen dute tarteko fasean eta azken fasean—, prestakuntza espezifikoa jasotzen dute Ikerketaren Hastapenak irakasgaian, eta ikastetxeko irakasle bat izaten dute tutore. Ikasturte honetan, NUPeko hogei bat irakasle ari dira ekimenean parte hartzen.

zoom NUPeko eta Plaza de la Cruz BHIko irakasleak, beren lanak defendatu ondoren.

NUPeko eta Plaza de la Cruz BHIko irakasleak, beren lanak defendatu ondoren.

Ildo horretan, gogoratu beharra dago liburu bat prestatu duela NUPek ikastetxeetan banatzeko, “Nola hasi ikertzeko lanean: ikasleentzako eta irakasleentzako gida” izenekoa. Batxilergoko etapan ikerkuntzaren abenturan hasten diren ikasleentzako gidaliburu bat da. Doan banatu da ekimen horrekiko interesa agertu duten Nafarroako Bigarren Hezkuntzako hamar bat ikastetxetan.

2023-2024 ikasturtean NUPeko irakasleak tutore dituzten proiektuak

NUPeko irakasleak aholkulari-lanak egiten dituzte ekimen honetako proiektuetan, eta zenbait ikastetxetako ikasleak ari dira proiektuak egiten 2023-2024 ikasturtean. “Emakumeen kontrako indarkeriatik babesteko tresnak” izeneko proiektua (Rebeca Echávarri eta Sara Martínez de Morentin), esate baterako, Ibaialden, Luis Amigó ikastetxean eta Basoko eta Plaza de la Cruz institutuetan ari dira egiten; eta “Adimen artifiziala: ChatGPTren eta Batxilergoko ikasleen analisi konparatiboa” (Laura de Miguel eta Asier Urio), berriz, Luis Amigó ikastetxean eta Ribera del Arga eta Barañain institutuetan. “Zientziaren komunikazioa gure sare sozialetan” proiektua (María Napal eta Maribel Zudaire) bi zentrotan ari dira egiten, Ribera del Arga institutuan eta Hijas de Jesús ikastetxean, hain zuzen; “Lurrak honela funtzionatzen du; ausartuko zara piezak muntatzen?” (Francisco Sanz), berriz, Basoko eta Valle del Ebro institutuetan. Azkenik, “Gauza autoktonoen balioa identifikatzen: Nafarroaren sustraiak definitzen dituzten nekazaritzako barietateak, arrazak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako jardunbideak” proiektua (Cristina Arroqui, Idoia Fernández eta María José Noriega Domínguez) Sancho III “El Mayor” eta Valle del Ebro institutuetan ari dira egiten.

Horietaz gainera, honako proiektu hauek ere martxan daude ikasturte honetan: Basoko BHIn, “Genetikan alfabetatzea Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak” (María Napal eta Maribel Zudaire) eta “Entzutezko eta ikusizko pertzepzioaren arteko disonantzia kognitiboak” (Ricardo San Martín, Eduardo Pardo eta Rubén Eguinoa) proiektuetan ari dira lanean; Plaza de la Cruz BHIn, aldiz, “Elikagaiek ere arnasa hartzen dute” (Carmen Barba), “C ez-organikoak nekazaritzako lurretan duen zikloaren ikerketa” (Isabel Sonsoles eta Iñigo Virto) eta “JERO tresnaren balorazioa” (Nora Millor) proiektuetan. 

zoom Lan baten aurkezpeneko une bat.

Lan baten aurkezpeneko une bat.

Azkenik, “Pribatutasunaren paradoxa adimen artifiziala darabilten chatbot-en eta laguntzaile birtualen erabileran” (Mónica Cortiñas) Valle del Ebro BHIn ari dira garatzen; “Headtracker baten diseinua soinu murgiltzailedun aplikazioetarako” (Ricardo San Martín, Eduardo Pardo eta Rubén Eguinoa), Barañain institutuan; eta “Iruñean errepresaliatutako emakumeak: gerraondoko justizia arruntaren ikuspegia” (Gemma Piérola Narvarte) eta “Gazteak ekintzaile: kooperatibak sortzeko lidergoari, gaitasunei eta motibazioari buruzko azterlan bat” (Sandra Cavero), Hijas de Jesús ikastetxean. 

Plaza de la Cruz eta Barañain BHIetakoek defendatutako proiektuak

Plaza de la Cruz eta Barañain institutuetako ikasle batzuek, hots, BI+ proiektua 2022-2023 ikasturtean hasi zutenek, beren lanak ahoz aurkeztu zituzten berriki ekitaldi batean. NUPeko irakasle batzuk izan dira lan haietako batzuen tutore, honako lan hauenak, hain zuzen ere: “Hyppy tresnaren balorazioa” (Nora Millor), “Dipping-aren eragina ananaren arnasketa-tasan” (Carmen Barba), “Autonomia emakumeen aurkako indarkeria-egoeren identifikazioan eta balioetan” (Rebeca Echávarri eta Sara Martínez de Morentin) eta “Hizketaren pertzepzioa eskoletan, soinu murgiltzaileko teknologiak erabiliz" (Ricardo San Martín).

Lankidetza 2021. urtetik

2021eko apirilean, Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu zuen Bigarren Hezkuntzako lau instituturekin Ikerketako Batxilergoa bultzatzeko. Ikerketako Batxilergoa “Batxilergoko ohiko ibilbideen bide osagarri bat da, oso aproposa ikerketa-jardueraren ezagutzan eta garapenean sakontzeko”.

Akordio horretan, NUPek konpromisoa hartu zuen ikergaiak ezartzeko, ikerketetan aholkulari aritzeko eta ikasleei erraztasunak emateko Iruñeko eta Tuterako campusetan ikerketa-lanak egin zitzaten, batez ere laborategietan, ikasgela tematikoetan eta arlo horrekin lotutako instalazioetan. Era berean, ezarri zuten Unibertsitateko irakasleek kanpoko ebaluatzaile profesional gisa hartuko zutela parte ikasleek egindako ikerketa-proiektuetan, dela zuzenean (epaimahaietan parte hartu, ebaluazioa egin, etab.), dela zeharka (aholkularitza, zalantzak argitu, etab.).