Joan eduki nagusira

Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak (NUP) bilera bat izan du David Astrain Ulibarrena katedraduna buru duen Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoena izeneko ikerketa-taldeko kideekin, munduan lehenbiziko aldiz lortu baitute Antartikan energia elektrikoa modu jarraituan ekoiztea Lurraren barnealdeko bero geotermikoa baliatuz. Erakunde akademikoko arduradun nagusiak zorionak eman dizkie Deception uhartean instalatutako teknologiagatik, aurrerapauso handia baita fenomeno geologikoak eta bolkanikoak denbora errealean monitorizatzeko.

NUPek lehenbiziko aldiz hartu du parte kanpaina polar antartiko batean, “Sumendien zaintzarako sorgailu termoelektriko autonomoak” (VIVOTEG) proiektuari esker, David Astrain Ulibarrena eta Álvaro Martínez Echeverri ikertzaile nagusien gidaritzapean. Ikerketarako Estatuko Agentziak finantzatu du proiektua (Jakintza Sortzeko deialdiaren barrenean), eta Espainiako Batzorde Polarrak koordinatzen du, Espainiako Armadaren laguntza logistikoarekin. David Astrainek Deception uharteko Gabriel de Castilla izeneko base militar espainiarrean egin du lan 18 egunez urtarriletik otsailera bitartean, Miguel Araiz Vega eta Leyre Catalán Ros NUPeko Smart Cities Institutuko ikertzaileekin batera (ISC).

zoom Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoena ikerketa-taldeko kideak. Ezkerretik eskuinera: Álvaro Casi, María Mina, Patricia Aranguren, Irantzu Erro, Miguel Araiz, David Astrain, Ramón Gonzalo (errektorea), Leyre Catalán, Antonio Rodríguez, Patricia Alegría, Laura Carlosena, Álvaro Martínez eta Nerea Pascual.

Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoena ikerketa-taldeko kideak. Ezkerretik eskuinera: Álvaro Casi, María Mina, Patricia Aranguren, Irantzu Erro, Miguel Araiz, David Astrain, Ramón Gonzalo (errektorea), Leyre Catalán, Antonio Rodríguez, Patricia Alegría, Laura Carlosena, Álvaro Martínez eta Nerea Pascual.

NUPeko ikerketa-taldeak Seebeck efektuko modulu termoelektrikoak erabili ditu, bero geotermikoa energia elektriko bihurtzen duten gailuak. Modulu horiek funtzionatzeko, alde bat beroa eta bestea hotza izan behar dute. Lurraren beroak moduluaren alde bat berotzen du, eta Antartikako aire hotzak bestea hoztu. Ikertzaile taldeak, beharrezko diferentzia hori sortzeko, efizientzia handiko bero-trukagailu batzuk garatu ditu, lurrean 40 zentimetroko sakoneran dagoen bero geotermikoa modulu termoelektrikora garraiatzeko gai direnak tenperatura oso gutxi galduta. Bero geotermikoa Lurraren barnean sortzen da, eta fumarola bolkanikoen bidez askatzen. 

Antartikako kanpaina amaitzeko, monitorizazio sistema elektroniko bat instalatu dute ekoizpen elektrikoa urrutitik zaintzeko. Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoena ikerketa-taldea heldu den uda australean itzuliko da Deception uharteko sumendi aktibo horretan instalatutako teknologia nolako egoeran dagoen egiaztatzera.

Teknologia geotermikoa Kanarietan

Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoena taldeak, teknologia honen egileak, esperientzia handia du sorgailu termoelektriko pasiboak garatzen, hau da, parte mugikorrik behar ez duten trukagailuak dituztenak. Timanfayako Parke Nazionalean eta Teiden (Kanariak) sorgailu termoelektrikoak instalatuta frogatu du taldeak teknologia hori geotermiari aplikatzen ahal zaiola.

NUPeko hiru kide aritu dira Antartikan lanean, baina proiektuaren ikerketa-taldeko beste kide hauek ere gauzatu dute proiektua: Patricia Alegría Cía, Álvaro Martínez Echeverri, María Mina Urbiola, Nerea Pascual Lezaun eta Gurutze Pérez Artieda.

Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoena izeneko taldea honako beste hauek ere osatzen dute: Miguel Aguirre Fernández, Fernando Algarra Pérez, Iñaki Alzuguren Larraza, Patricia Aranguren Garacochea, Laura Carlosena Remírez, Álvaro Casi Satrustegui, David Chavarren Oroz, Irantzu Erro Iturralde, Iván Lerga Barrio, Beatriz Manías Silva, Almudena Ochoa Láinez, Antonio Rodríguez García eta Ricardo Soto Armendáriz.