Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutuko (INAMAT2) ikertzaileek, Aragoiko Osasun Ikerketako Institutuarekin (IIS Aragón) eta CSICen eta Zaragozako Unibertsitatearen Aragoiko Nanozientzia eta Materialen Institutuarekin (INMA) lankidetzan, nanopartikula berri batzuk garatu dituzte, agente bakterizida gisa erabil daitezkeenak. Nanopartikula horiek baliagarriak izaten ahal dira medikuntzako eta albaitaritzako tratamenduetarako; izan ere, mikrobioen aurkako zenbait ekintza-mekanismo erabiltzen dituztenez, bakterioek erresistentzia iraunkorra izateko aukerak murrizten dira. Aztertu denez, nanomaterial hibrido berria (zenbait metalez estalitako urrea) oso eraginkorra da Escherichia coli bakterioaren aurka (E. coli izenez ezaguna). Bakterio horren andui batzuk kaltegarriak izan daitezke gizakien osasunerako.

“Mikrobioen aurkako ikuspegi berriak bilatzea funtsezkoa da infekzioen aurkako etorkizuneko estrategia farmakologikoetarako, ugaztunen zelulei kalterik egin gabe bakterioak desagerrarazteko aukera eman dezaten”, azaldu du Ismael Pellejero Alcázar NUPeko ikertzaile eta ikerketa horren egileetako batek. Ikerketa Wiley argitaletxearen “Small” aldizkari zientifikoan  argitaratu da, eta aldizkari barruko azalerako aukeratu dute. Harekin batera, hauek sinatu dute artikulua: Luis Gandia Pascualek, Santiago Reinoso Crespok eta Fernando Almazán Románek (NUPen izenean), Mónica Paesa Moralesek, Cristina Yus Argónek, Víctor Sebastián Cabezak eta Manuel Arruebo Gordok (INMAren izenean) eta Gracia Mendoza Cantosek (ISS Aragónen izenean).

zoom Nanomaterial berria sortu duten INAMAT2 institutuko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Luis Gandía, Ismael Pellejero, Santiago Reinoso (nanopartikulen sakabanaketaren ontzi bat du) eta Fernando Almazán (aldizkariarekin, berak egin baitu azalaren diseinua).

Nanomaterial berria sortu duten INAMAT2 institutuko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Luis Gandía, Ismael Pellejero, Santiago Reinoso (nanopartikulen sakabanaketaren ontzi bat du) eta Fernando Almazán (aldizkariarekin, berak egin baitu azalaren diseinua).

Metalez estalitako urrezko nanopartikulak

Ikerketa-taldeak urrezko nanopartikula batzuk garatu ditu, polioxometalato batez estaliak –germanioz, molibdenoz eta titanioz osatutako konposatu kimikoa–. Hortik sortu den nanomaterial hibridoak osagaien propietateak integratzen eta indartzen ditu, eta eragina du nanopartikulek beren ingurunearekin interakzioa izateko duten moduan; adibidez, nanopartikulek bakterio mota jakin batzuetara zuzentzeko duten gaitasuna hobetzen du. 

“Nanopartikula horiek bakterio zelulei erasotzen diete zelula-mintzaren pareta hausteko. Horrek zelula barneko substantzien ihesa eragiten du, eta, horrela, bakterioak hil egiten dira. Era berean, zitotoxikotasun oso txikia dute giza zelulentzat, eta, beraz, medikuntzako edo albaitaritzako tratamenduetan aplikatzeko modukoak dira”, adierazi du Ismael Pellejerok.

Bakterioen erresistentziaren aurka

Ikerketa-taldeak bakterio gram-negatiboen aurkako “efektu bakterizida aparta eta selektiboa” dutela egiaztatu du egindako lanean. Bakterio mota horrek, bere kanpoko mintzarengatik, ezaugarri bereziak ditu, hala nola erresistentzia handiagoa du antibiotiko eta desinfektatzaile batzuen aurrean. Zehazki, E. coli bakterioarekin egiaztatu dute nanopartikulen eraginkortasuna. 

“Lan honek erakutsi du nanomaterial antibiotiko berri horiek gaur egungo antibiotikoen antzeko jarduera bakterizida dutela, baina bakterioek erresistentzia iraunkorra hartzeko dituzten aukerak murrizten dituztela; izan ere, mikrobioen aurkako ekintza-mekanismo ugari dituzte, eta, horrela, saihestu egiten dute bakterioak suntsipen modu bakar batera egokitu ahal izatea”, ondorioztatu du Ismael Pellejerok.