Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Pueblos infernales y abogados de las brujas. Caza de brujas en Navarra (1608-1614)” liburua argitaratu du, Lu Ann Homza historialari estatubatuar eta Virginiako unibertsitate bateko irakasleak idatzia (Ameriketako Estatu Batuak). Jatorrizko bertsioa, 2022an ingelesez plazaratua, gaztelaniaz argitaratu du NUPek orain, eta, liburuan, historialariak kontatzen du nolakoa zen errealitate judiziala, soziala eta kulturala Inkisizioak sorginak jazarri zituenean, Nafarroako Erresuma zaharraren iparraldean, XVII. mendearen hasieran. Zenbait iturri erabili ditu horretarako: Ofizio Santua, auzitegi sekularrak eta apezpikuenak, notarioen dokumentuak eta erroldak. Henningsen Bildumaren lehenbiziko liburukia da; izan ere, bilduma horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak omenaldia egin dio sorginkeriaren eta Inkisizioaren arloko munduko aditu gorenetako bati, Gustav Henningsen historialari eta antropologo daniarrari, zeinak bere artxibo eta liburutegi pertsonalak laga baitzizkion erakunde akademikoari.

zoom Lu Ann Homza historialari estatubatuarra, Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Lu Ann Homza historialari estatubatuarra, Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Liburua Pennsylvaniako Estatu Unibertsitateak (AEB) 2022an argitaratutako “Village Infernos and Witches’ Advocates: Witch-Hunting in Navarre, 1608-1614” lanaren gaztelaniazko itzulpena da. Lanak Europako historiako sorgin ehizarik ezagunenetako bat aztertzen du: Nafarroan 1608 eta 1614 bitartean gertatutakoa, non milaka sorginkeria-salaketa egin baitziren gizon, emakume eta haurren aurka. Horren atalik ezagunena Logroñoko 1610eko autofedea izan zen, Zugarramurdiko, Urdazubiko eta Baztango herri batzuetako ustezko sorginak zigortu zituena. Bi ikuspegitatik aztertzen du historialariak fenomenoa: inkisidoreenetik, batetik, eta, bestetik, sorgintzat salatutako emakume, gizon eta, bereziki, adingabeen ikuspegitik.

“Sorginek sufritutako jazarpenari buruz lehenago egindako ikerketak inkisidoreen deskribapen eta oharretan oinarritzen ziren batik bat, eta, beraz, orduko elite intelektualen iritziaren arabera zeuden idatziak –dio liburuan Lu Ann Homzak–. Iruñeko artxiboek, aldiz, sorgin ehiza sufritu zutenen iritzia erakusten dute, fenomeno hartan parte hartu zuten eta haren miserien lekuko izan ziren haur, emakume eta gizonena alegia. Izan ere, orain arte ezezaguna izan den eta aintzat hartu ez den jendearen lekukotasunek fenomeno haren logika emozionala, arrazoi juridikoa eta balio erlijioso eta sozialak ematen dituzte ezagutzera”.

Iturri historiko bat baino gehiago

Liburuaren balio nagusietako bat da idazlea Inkisizioaren base dokumentalera itzuli dela, 60ko hamarkadan Gustav Henningsenek Madrilgo Artxibo Historiko Nazionalean aurkitu zuen hartara, eta, sorgin ehizan zer gertatu zen interpretatzeko, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian eta Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan gordetako beste iturri batzuk ere erabili dituela; izan ere, hamar urtean baino gehiagoan aritu da Lu Ann Homza Iruñeko artxibo horietan lanean.

“Sorgin ehiza sonatua non eta noiz gertatu zen, nork parte hartu zuen, prozesuak nolakoak izan ziren, nola korapilatu zen eta zer ondorio izan zituen hobeki ulertarazi nahi dut liburuarekin. XVII. mendearen hasieran Nafarroan egindako sorgin ehiza berezi hura, Inkisizioaren jarduteko modua, komunitatearen arauak eta orduko haurren eta helduen arteko harremanak hobeki ulertzea nahiko nuke”, esan du historialariak.

Naiara Uria Blancok itzuli du gaztelaniara “Pueblos infernales y abogados de las brujas. Caza de brujas en Navarra (1608-1614)” monografia, eta salgai dago, 30 euroan paperean eta 20 euroan pdf formatuan. Bertsio digitala, berriz, Unibertsitatearen online dendan  eros daiteke.

Nafarroak sorgindutako historialari bat

Lu Ann Homza irakaslea Oklahoman jaio zen (Ameriketako Estatu Batuetan), eta gaztetan ikasi zuen gaztelaniaz, Santa Cruzen (Bolivian), ikasle-trukeko programa batean parte hartu zuenean. Geroago, Historian lizentziatu zen Scripps Collegen, Kaliforniako unibertsitate batean, eta Chicagoko Unibertsitatean segitu zuen ikasten, non Europaren Historian egin baitzuen doktoretza (1992).

Zenbait liburu idatzi ditu Espainiar Errenazimenduari eta Inkisizioari buruz, besteak beste “Religious Authority in the Spanish Renaissance” (Johns Hopkins University Press, 2000). 2006an, Espainiako Inkisizioaren dokumentuak ingelesera itzuliak biltzen dituen lehenbiziko bilduma argitaratu zuen: “The Spanish Inquisition, 1478-1614: an Anthology of Sources” (Hackett Publishing Company). Hamar urtean Nafarroako artxiboetan ikertzen aritu ondoren, “Village Infernos and Witches" Advocates: Witch Hunting in Navarre, 1609-1614 ” liburua idatzi zuen 2022an (Penn State University Press), eta hori da, hain zuzen, orain NUPek gaztelaniaz argitaratu duena. 2009tik 2017ra, ikasle estatubatuar batzuk Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko eta Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboko funtsak ikertzen aritu ziren, eta haien lana ere gainbegiratu zuen Lu Ann Homzak.

Espainiako kultura erlijioso eta legalari buruzko artikulu asko idatzi ditu aldizkari akademikoetan, hala nola “Renaissance Quarterly”, “The Journal of Modern History” eta “The Catholic Historical Review” aldizkarietan.

Gaur egun, Historiako irakaslea da College of William and Mary unibertsitatean (Virginiako estatuan 1693an sortua), eta James Pinckney Harrison Katedraren zuzendaria da han.

NUPen Henningsen Bilduma

NUPek Henningsen Bilduma hasi du “Pueblos infernales y abogados de las brujas. Caza de brujas en Navarra (1608-1614)” liburuarekin, hau da, daniar ikertzailea aitzindari izan zuten ikerketa-lerroen haritik idatzitako monografia sail bat. Bilduman, askotariko gaiak jorratuko dira: sorginkeria, aztikeria, sineskeria, mugimendu heterodoxoak, heresia, erlijio disidenteen aurkako jazarpen inkisitoriala, zentsura eta kontrol soziala. Historiaren ikuspegitik ez ezik, beste arlo batzuetatik ere landuko dira, gai horiek egokiak baitira beste zientzia sozial batzuetatik ikertzeko, adibidez Zuzenbidetik, Ekonomiatik, Antropologia Kulturaletik, Psikologiatik eta Soziologiatik.