Joan eduki nagusira

Guztira, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) eta CENIFER (Imarkoain) eta IES Ega (San Adrian) zentroetako Lanbide Heziketako titulazio desberdinetako 24 ikasle aritu dira lanean Arrosadiko campuseko jardunaldi batean, Enhol Taldeak jasangarritasunaren arloan proposatutako erronka bati aurre egiteko tailer batean. Jarduera hori ARIES4 proiektuaren barrenean sartzen da, zeina Erasmus+ programaren esparruan Europar Batasunak kofinantzatzen baitu. Nafarroako Foru Komunitatean, programa horretan Nafarroako Garapen Elkarteak (SODENA), Unibertsitateak eta Hezkuntza Departamentuak hartzen dute parte, Lanbide Heziketako bi zentro horien bitartez. Europako proiektu horrek Europako lau eskualde hartzen ditu bere barnean: Nafarroa, Varmland (Suedia), Hego Danimarka eta Gabrovo (Bulgaria). Jasangarritasunerako Espezializazio Adimenduneko Estrategiak dituzte eskualde horiek (S4, ingelesezko siglengatik), eta beren unibertsitate publikoak konprometiturik daude estrategia horien garapenarekin. 

NUPen egin zen CRE8 tailerrean erabilitako metodologia Karlstadeko Unibertsitateak garatu du (Suedia), ARIES4 proiektuko bazkide baita. Ikasleak diziplinarteko bost taldetan banatu ziren,  eta erronkari aurre egiteko tresna bakarrak sormena, papelografo edo arbel bat eta errotulagailu batzuk izan zituzten; hiru orduz aritu ziren lanean problema aztertzeko eta balizko konponbideak aurkezteko.

zoom NUPeko eta Lanbide Heziketako ikasleak, epaimahaia eta ARIES4 proiektuko kideak, jardueraren hasieran.

NUPeko eta Lanbide Heziketako ikasleak, epaimahaia eta ARIES4 proiektuko kideak, jardueraren hasieran.

Epaimahaiak, bost taldeen aurkezpenak entzun ondoren, erabaki bat hartu zuen: haietako zeinek eman zion erronkari soluziorik aproposena. Hauek izan dira epaimahai horretako kideak: Maribel Martínez Villaescusa eta Ibai de Miguel Gómez (Enhol Taldea enpresako ordezkariak), Patrick Bangerius (Karlstadeko Unibertsitatearen ordezkaria), Miren Ausín Lecuona (Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria) eta Martin Larraza Kintana (NUPeko Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordea eta ARIES4 proiektuaren zuzendaria). Aditu talde horren iritziz, bost taldeek eman zituzten ideia “interesgarriak”, eta, horrenbestez, balorazio ona egin zieten.

Jarduera horren aurretik, Lucía Nieto Sádaba NUPeko Enpresa Berritzaileak Sortzeko Laborategi Unibertsitarikoko (LUCE) eta CEIN Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroko arduradunak ikasleak motibatu eta haien arteko sinergiak sortzera bultzatu zituen, sormenari buruzko hitzaldi baten bidez. 

Tailerrean parte hartu zuten ikasleak ikastegi hauetakoak dira: Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea; Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoa (IITIGMET); eta Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoa (NIBGMET).

Negozio-eredu jasangarriagoetarako trantsizioa

Esan bezala, proiektuak ARIES4 du izena (ingelesezko sigletan, Jasangarritasunerako Espezializazio Adimenduneko Estrategietan oinarriturik dauden Berrikuntzarako Eskualdeko Ekosistemen Aliantza), eta haren helburua espezializazio adimendunaren arloko ezagutza sortzea eta inplikaturiko agenteen artean trukatzea da (unibertsitateak, Lanbide Heziketako eta sektore publikoko ikastetxeak eta gizartea oro har), baita, era berean, haiek monitorizatzeko tresnak diseinatzea ere. Gainera, proiektuak negozio eredu jasangarriagoetarako trantsizioa sustatu nahi du, horretarako jardunbide egokietan oinarritutako prestakuntza-programak garatuz.

Bestalde, haren bidez berrikuntzako ekosistemetako eragile nagusien pentsamoldea, jarrera eta ekintzailetzarako trebetasunak bultzatu nahi dira, eta arreta berezia jarriko zaie ikasleei (unibertsitateetakoei zein Lanbide Heziketakoei). Finean, aldaketa horiek guztiak jasangarritasunerako trantsizioa lortzera bideratuko dira. Helburua inplikatutako eskualdeen artean komunikazio egiturak sortzea da, gai izan daitezen ikasitakoa Europako beste toki batzuetara zabaltzeko.

Espezializazio Adimenduneko Estrategia Nafarroan

Espezializazio Adimenduneko Estrategiak eskualdeen garapen ekonomikoko ereduak dira, Europar Batasunak bultzatuak, eta haien xedea da eskualde bakoitzak lehiarako dituen arlo ekonomiko abantailatsuenetan kontzentratzea baliabideak, kontuan hartuta nolako potentzial ekonomikoa eta zientifiko-teknologikoa duen eskualdeak eta nolako bilakaera izan duen eskariak. Nafarroak, zehazki, honako sei lerro estrategiko hauek ditu: mugikortasun elektrikoa eta konektatua, elikadura osasungarria eta jasangarria, energia berdearen industria, medikuntza pertsonalizatua, turismoa eta ikus-entzunezkoen industria. Jasangarritasuna da estrategia osoaren zehar-lerroa, eta 2021-2027 aldirako txertatua dago Nafarroako proiektuetan. Hala, Europako Itun Berdearekin bat egiten du Nafarroak. Gobernantza bost lan-organotan egituratzen da, eta NUP da horietako bat.