Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Espainian matematikaren arloan eragin zientifiko handiena duen biurteko ekitaldia hartuko du datorren astean. Espainiako Matematikaren Errege Elkartearen Biurteko Biltzarra da, eta 400 ikertzaile eta goi-mailako hezkuntzako irakasle inguru bilduko ditu Iruñean, zientzia horren zenbait arlotako ikerketan egindako azken aurrerapenak ezagutarazteko. Arrosadiko campuseko Sario eraikinean, bost egunez (urtarrilaren 22tik 26ra, astelehenetik ostiralera), programa zientifiko bat eta jende guztiari irekitako dibulgazio jarduera batzuk eginen dira, hala nola erakusketak, adimen desgaitasuna duten ikasleei matematika irakasteari buruzko jardunaldiak eta hitzaldiak, besteak beste. Esteka honetan dago eskuragai biltzarraren programa osoa: https://2024.bienalrsme.com / 

zoom Espainiako Matematikaren Errege Elkartearen Biurteko Biltzarraren antolatzaileetako batzuk, NUPen.

Espainiako Matematikaren Errege Elkartearen Biurteko Biltzarraren antolatzaileetako batzuk, NUPen.

NUPen Estatistika, Informatika eta Matematika Sailak eta Espainiako Matematikaren Errege Elkarteak antolatzen dute biltzarra, eta programan hamar hitzaldi orokor sartu dira (osoko bilerak), non nazioarteko ikertzaile ugarik parte hartuko baitute. Gainera, 25 saio berezi daude programatuak, eta, aldi berean, 300 lan eta berrikuntza inguru aurkeztuko dira matematikaren ia adar guztiei buruz. Horrek esan nahi du hitzaldiak eta komunikazioak batuta 150 ordu baino gehiagoko programa izanen dela, eta bertaratuek diziplina horretan egindako azken berrikuntza eta ekarpenak aurkezteko parada izanen dutela. Halaber, posterrak aurkezteko bi saio daude aurreikusiak; haietan, formatu hori aukeratu duten ikertzaileek ideiak partekatu eta trukatzeko modua izanen dute. Programa zientifikoa osatzeko, mahai-inguru batzuk izanen dira, non ikerketaren, hezkuntzaren eta irakaskuntzaren arloan bereziki interesgarriak diren pertsona ospetsu batzuek parte hartuko baitute.

Dibulgazioko programa bat jende guztiarentzat

Dibulgazioko jardueren artean “Matematikak kalean” erakusketa dago. Erakusketa horrek teoremak eta bitxikeria matematikoak erakusten dizkie ikusleei entretenimenduan, umorean, artean edo animazioan oinarriturik; otsailaren 2ra arte egonen da ikusgai. Horrez gain, “Artearen eta Matematikaren arloko Hezkuntza” erakusketa ere ikusgai egonen da urtarrilaren 31ra arte, A3 ekimenean egindako proiektuak erakusten dituena. Ekimen hori Uharteko Arte Garaikideko Zentroak prestatu du Nafarroako sei ikastetxerekin batera, matematika eta artea modu entretenigarrian lotzeko xedez.

Dibulgazioaren atalak bi hitzaldi ere baditu: bata, II. Mundu Gerran Enigma makina deszifratu zuten matematikariei buruzkoa, eta, bestea, Jorge Oteiza eskultorearen obraren erronka geometrikoei buruzkoa.

Gainera, programan badira matematikaren irakaskuntzari eta adimen desgaitasunari buruzko jardunaldi batzuk ere. Jardunaldi horiek Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleentzako eta Irakasletzako Graduko ikasleentzako hiru prestakuntza-saio dira, zeinek aukera emanen baitute hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleengana hurbiltzeko eta diziplina horren irakaskuntzan ikasle guztiei aplikatzeko modukoa den ikuspegi berri bat eskuratzeko. Horiez gain, liburu aurkezpen batzuk eta eskola-ikasleentzako eduki estatistikoen webgune bat ere badira biltzarrean, edukia osatzeko.

Laguntzaileak eta antolatzaileak

Biltzarrean kolaboratzaile izanen dira NUPen Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutua (INAMAT2), Zaragozako Unibertsitateko Matematikaren eta Aplikazioen Ikerketarako Institutu Unibertsitarioa, Nafarroako Gobernua, Nastat Nafarroako Estatistika Institutua, Reyno Gourmet, “la Caixa” Fundazioa, Jorge Oteiza Museoa, Uharteko Arte Garaikideko Zentroa eta Casio (Hezkuntzaren Dibisioa), Tairel Data eta Movalsys enpresak.

Biltzarrak batzorde zientifiko bat du, Justo Puerto Albandoz buru duena (Sevillako Unibertsitatea), eta batzorde antolatzaile bat ere bai, María Jesús Campión Arrastia NUPeko irakasleak gidaturikoa. Campiónekin batera ari dira lanean doktoretzako bi ikasle (Ana Munárriz Iriarte eta Yeray Rodríguez Rincón), eta baita erakunde akademikoko beste hamazazpi irakasle hauek ere: Andrés Arrarás Ventura, María José Asiáin Ollo, Blanca Bujanda Cirauqui, Humberto Bustince Sola, Laura de Miguel Turullols, Asier Mugertza Estevan, Javier Fernández Fernández, Marisol Gómez Fernández, Inmaculada Higueras Sanz, Esteban Induráin Eraso, Inmaculada Lizasoain Iriso, José Antonio Moler Cuiral, Gustavo Ochoa Lezaun, Irene Paniello Alastruey, Laura Portero Egea, Teo Roldán Marrodán eta Lola Ugarte Martínez.