Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ondare Immaterialaren Katedrak Víctor Manuel Sarobe (1925-2012) gastronomo iruindarraren “Elikadurari eta gastronomiari buruzko Nafarroako Hiztegia” argitaratu du. “Hiztegi” horren edizio digitalak (doan deskarga daiteke) elikadurarekin eta gastronomiarekin loturiko gaztelaniazko eta euskarazko hitzak biltzen ditu (berak “ahotsak” deitzen die), adituak bizitza osoan zehar bilduak. “Alfabetikoki ordenatutako eta xehetasun handiz idatzitako Nafarroako hitzen bilduma honek ekarpen handia egiten dio kultur ondare immaterialari”, adierazi du Alfredo Asiáin Ansorena Katedraren zuzendariak. Argitalpena Julián Suescun Azcona NUPeko irakasle elkartuak egin du.

Víctor Manuel Sarobe Nafarroako gastronomoak bere artxibo pertsonal guztia Navarchivori laga zion, NUPeko ondare immaterialaren dokumentazio zentroari. “Artxibo aberats horrek Nafarroako ondare immaterialeko harribitxi batzuk ditu, hala nola erromeriei eta elikadura gaiei buruzko 20.000 diapositibako bilduma, kantu erlijiosoen 100 ordu baino gehiagoko grabazio bilduma, edo elikadurari eta gastronomiari buruzko Nafarroako hiztegiari buruzko ikerketa argitaragabe bat, orain argitaratu dena”, adierazi du Alfredo Asiáinek. 

zoom “Nafarroako hiztegia”ren edizio digitalaren aurkezpena NUPen. Ezkerretik eskuinera, Javier Arbona (Víctor Manuel Saroberen suhia), Beatriz Arbona (biloba), Julián Suescun (editorea), Alfredo Asiáin (NUPeko irakaslea eta NUPeko Ondare Immaterialaren Katedrako zuzendaria) eta Idoya Sarobe (alaba).

“Nafarroako hiztegia”ren edizio digitalaren aurkezpena NUPen. Ezkerretik eskuinera, Javier Arbona (Víctor Manuel Saroberen suhia), Beatriz Arbona (biloba), Julián Suescun (editorea), Alfredo Asiáin (NUPeko irakaslea eta NUPeko Ondare Immaterialaren Katedrako zuzendaria) eta Idoya Sarobe (alaba).

Orain arte, dokumentazio zentroak, obra horretaz gain, diapositiba eta erlijio-kantu horiek guztiak digitalizatu ditu, baina lanean jarraitzen dute: “artxibo pertsonal horretan lanean jarraitzen dugu; izan ere, badaude oraindik bere obra nagusian argitaratu ez ziren errezetak eta ondarearen arloan oso interesgarriak diren beste grabazio batzuk”, erantsi du Alfredo Asiáinek.

Víctor Manuel Saroberen azalpen biografikoa

Manuel Sarobe Lesakako euskal jatorriko familia batean jaio zen. Ez zekien bere aitak bezain ongi euskaraz, baina hizkuntza ezaguna zuen, eta horrek modua eman zion oro har gastronomiaren eta zehazki txerri-hilketaren esparruko lexikoa aztertzeko, edota baita herri-erlijiotasunaren adierazpen artistiko askotarikoak ere. 

zoom Saroberen obraren aurkezpena Liburutegiko Open Space espazioan. Ezkerretik eskuinera, Alfredo Asiáin eta Julián Suescun.

Saroberen obraren aurkezpena Liburutegiko Open Space espazioan. Ezkerretik eskuinera, Alfredo Asiáin eta Julián Suescun.

Sarobek herri-sukaldaritzari buruzko zenbait lan ditu argitaratuak “Temas de Cultura Popular” (1968-1969) obran, eta Euskal Gastronomia Akademiako kidea ere bada. Halaber, 1995ean “La cocina popular navarra” argitaratu zuen, 40 urte baino gehiagoan bildutako 1.310 errezetako bilduma. Bertan, gaur egun ia desagertuta dauden plater herrikoiak berreskuratu ditu, Nafarroako eremu geografiko bakoitzeko erritu eta jaialdiei eta haietako tradizio atlantiko, mediterraneo, piriniar eta judu-arabiarrari lotuak.

Napardi elkarte gastronomikoko presidentea izan zen, baita Nafarroako eta Euskal Gastronomia Akademiako kidea ere. Bere lanei esker, Gastereo Saria eta Urrezko Oliba jaso zituen beste batzuen artean. Irakurle amorratua, ikasia eta liburuzalea izateaz gainera, material-biltzaile, argazkilari eta dibulgatzaile garrantzitsua izan zen.